USTELKERIA PP-N

Santiago Abascalek ez du oroitzen dirua nork eman zion, ezta eskura jaso zuen ere

PPko Arabako biltzarkideak esan du ez dakiela berak jasotako dirua "kontabilitate batean edo bestean" ote zegoen. Abascalen arabera, haren saltoki bati eraso egin ziotela-eta kalteak konpontzeko eman zioten diru hori.

2013ko otsailaren 4a
15:07
Entzun

1999ko otsailean eraso egin zioten Santiago Abascalek Amurrion duen saltoki bati, eta kalteak konpontzeko ordaindu zizkion PPk Arabako biltzarkideari 12.000 euro. Hala jakinarazi du gaur Abascalek berak, Efe berri agentziari eginiko adierazpenetan. Haren esanetan, kalteak 114.000 eurorenak izan ziren, saltokia itxita edukitzeak eragindakoez gain.

Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren agirietan ageri da Abascalen izena, 12.000 euro ordaindu zizkiotela zehaztuta. Abascalek zehaztu du ez dakiela nondik zetorren berak jasotako diru hori eta "kontabilitate batean edo bestean" ote zegoen.

PPko Arabako biltzarkidearen esanetan, aseguru etxeak ez zion eman kalteak konpontzeko adinako dirurik, eta bere alderdira jo zuen. "Madrildik" eman zioten diru hori, eta "logikotzat" jo zuen dirua jasotzea. Esan duenez, ez du oroitzen nork eman zion dirua, ezta eskura eman ote zioten ere: "Hamalau urte igaro dira".

Diru hori errenta aitorpena egiterakoan aintzat hartu ote zuen ere ez du gogoan. Zehaztu du bera ez zela izan bakarra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PPren eskutik dirua jaso duena, Abascalen esanetan, ETAk hildako hainbat pertsonaren alargunei ere eman zietelako dirua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.