Nafarroako Kutxa

Santiago Cervera inputatu du epaileak

Ordenagailuak, eskuko telefonoak eta tabletak emateko agindu dio epaileak. Hilaren 21eko 12:00etarako eman beharko ditu. One&One oparatzaileari, berriz, posta elektonikoei buruzko datuak eskatu dizkio.

Berria.info
2012ko abenduaren 14a
17:23
Entzun

Iruñeko 2. Instrukzio auzitegiko epaileak inputatu egin du Santiago Cervera PPko diputatu ohia. Ordenagailuak, eskuko telefonoak, tabletak eta posta elektronikoak jasotzeko edo bidaltzeko euskarri informatiko guztiak entregatzeko ere agindu dio Cerverari. Hilaren 21 arteko epea eman dio horretarako, eguerdiko hamabiak arte.

Horrez gain, One&One operatzaileari eskatu dio abenduaren 1etik 13ra bitarteko datu guztiak emateko, Nafarroako Kutxako presidenteari ustez mehatxuak egin zizkion posta elektronikoko kontuari buruz. Datuak eman ezean, desobedientzia delitu larri bat inputatuko diola ohartarazi dio epaileak konpainiari. Autoa gaur argitaratu du epaileak. Cerverak eskaera horri men ez eginez gero, agintaritza judizialari desobedientzia delitu larriaren diligentziak hasiko ditu.

Santiago Cervera joan den igandean atxilotu zuten guardia zibilek. Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidenteak salaketa bat jarri zuen aurreko asteko asteazkenean, posta elektroniko anonimo bat jaso zuela esanaz. 25.000 euro ordaintzeko eskatzen ziote, ez bazuen bere jarduera profesionalari buruzko informazio batzuk publiko egitea.

 

Abenduaren 7an, gutunazal itxi batean utzi behar zuen dirua Asiainek, bere salaketaren arabera. Guardia Zibila zelatatzen aritu zen egun hartan. Cervera agertu zen, ustez dirua jasotzera. Momentuan atxilotu eta goardiako epailearen aurrera eraman zuten. Cerverak dio berak ere anonimoa jaso zuela, eta Nafarroako Kutxaren agiri batzuk jasotzera gonbidatu zutela. Deklaratu eta gero, aske utzi zuen epaileak Cervera. Poliziei adierazi zien azpijoko baten biktima izan zela.

Iraganean inputatuta egon diren Kongresuko beste diputatu batzuekin ez bezala, informazio espedientea ireki zion PPk. Astelehen goizean Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak jakinarazi zuen gertatutakoa argitu nahi zutela eta istorio "arraroa" zela. Astelehen honetan, diputatu kargua utzi zuen Cerverak. Alderdiak presioa egin diola ukatu zuen.

Nafarroako PPko presidente Enrique Martín de Marcos astelehen arratsaldean prentsa ohar batean Cerveraren dimisioa goraipatu zuen. Gerora alderdiko hainbat militantek kritikatu egin dute alderdiko zuzendaritzak azaldutako jarrera hotza. Amaya Zarranz eta Ana Beltran parlamentariek publikoki bere babesa adierazi diote Cerverari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.