POLITIKA

Santiago Cerverak dimisioa eman du diputatu karguan

PPko kide ere izateari utziko diola jakinarazi du. 'Diario de Navarra' egunkariak gaur argitaratu duenez, Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidenteari 25.000 euro eskatzea egotzi dio Poliziak. Aske utzi dute, deklaratu eta gero.

2012ko abenduaren 10a
21:34
Entzun

Nafarroako kazetaren arabera, Asiainek salaketa jarri zuen iragan asteazkenean, posta elektroniko anonimo bat jaso ondoren. Posta horretan, Asiaini 25.000 euro ordaintzeko eskatu zioten, ez bazuen nahi bere jarduera profesionalari buruzko hainbat informazio publiko egin zitezen. Gainera, dirua emateko eguna eta modua zehazten zituen postak.

Ostiralean, hilaren 7an, gutunazal itxi batean utzi behar zuen dirua Asiainek, bere salaketaren arabera. Guardia Zibila zelatatzen aritu zen egun hartan, nork jasoko zaintzen, eta orduan Cervera PPko diputatua agertu zen ustez dirua jasotzera zihoanean. Momentuan atxilotu eta goardiako epailearen aurrera eraman zuten. Cerverak dio berak ere anonimoa jaso zuela, eta Nafarroako Kutxaren agiri batzuk jasotzera gonbidatu zutela

Deklaratu eta gero, aske utzi zuen epaileak Cervera. Poliziei adierazi zien azpijoko baten biktima izan zela eta sekula ez zukeela pentsatuko horrelako zerbait gerta zitekeenik.

PP ere mintzatu da auziaz. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak jakinarazi du informazio txosten bat zabaldu diola Cerverari, gertatutakoa argitzeko. Gaineratu du auziak "harridura" sortu duela, eta gaur-biharretan erabaki bat hartuko dutela. "Gertakarien larritasuna frogatuz gero, horren arabera jokatuko du PPk, alor parlamentarioan nahiz alderdi barnekoan", esan du. Edonola ere, Cerverak berak jakinarazi ditu diputatu kargutik dimisioa emateko eta PP uzteko erabakiak.

Bestalde, Cerveraren eta Asiainen inguruan gertatutakoa "lehenbailehen" argitzeko nahia azaldu du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak. Esan du "nafar guztiek bezala, harrituta" izan duela auziaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.