Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak aginduta, Sanutri markako haur esnearen bortz sorta oso kentzen ari dira saltokietatik. Izan ere, esne horrek sortu omen dituen 29 gastroenteritis kasu atzeman dituzte Espainian (19), Herrialde Katalanetan (7) eta Galizian (3). Gastroenteritis kasu horiek «arinak» izan dira, Ministerioaren hitzetan.
Ministerioak aholkatu du sorta hauetako alerik ez kontsumitzea: Natur 1 gamaren 708641 eta 800052 sortak, Confort 1 gamaren 708311 eta 801141 sortak, eta Confort 2 gamaren 708321 sorta.
Erran bezala, esne horrek eraginiko 29 kasu atzeman dituzte; lehenbizikoa otsailean izan zen, eta azkenengoa, uztailean. Haur horietako 23k urtebete baino gutxiagoko adina zuten. Kedougou serotipoko salmonella batek sorturiko gastroenteritisa izan dute denek.
Nutrition & Sante Iberia enpresarena da Sanutri esnea. Eta enpresak erran du haiek ez dutela bakteriorik atzeman beren kalitate azterketa eta kontroletan. Era berean, argitu nahi izan dute gaixoturiko haurren gorotzetan aurkitu dutela bakterioa, eta ez beren produktuetan. Nolanahi ere, aipaturiko sorta guztiak merkatutik kendu ditu enpresak, «badaezpada ere».
Kasurik ez Euskal Herrian
Espainiako Osasun Ministerioak emaniko datuen arabera, esne horrek sorturiko gastroenteritis kasurik ez da izan Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoko Institutuak adierazi duenez, haiek ez dute halako kasurik atzeman. Eta ikerketa abiarazi dute esne mota hori banatzen eta saltzendutenen artean, jakiteko ea kutsaturiko loteetako alerik ba ote duten, eta, egotekotan, horiek kentzeko.
Nutrition & Sante enpresak telefono zenbaki hauek eman ditu, argibide gehiago nahi dituenak dei dezan: 629-56 83 02 eta609-54 19 38. Bertzela ere, Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak ere badu informazioa emateko bere telefono zenbakia: 901-40 01 00.
Sanutri markako haur esnearen bortz sorta kendu dituzte dendetatik
29 gastroenteritis kasu eragin omen ditu esneak, baina horietako bakar bat ere ez da izan Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu