'CAN AUZIA'

Sanz: "Ez naiz sekula aberastu"

09:20an heldu da epaitegira, abokatua ondoan zuela, hitzordua baino hamar minutu lehenago. Hiru ordu eta erdi egin ditu deklaratzen. Azaldu du ez diela erantzun UPDren eta Kontuz-en galderei: "Ez zait gustatzen politika epaitegietara eraman nahi dutenei erantzutea". Errugabe dela azpimarratu du, eta "beti" jardun duela "Nafarroaren alde".

2013ko apirilaren 12a
14:56
Entzun

Iruñeko Auzitegiko Instrukzioko 3. Epaitegiko Maria Paz Benito epaileak uste du zalantzazkoa dela kutxaren Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean jasotako dieten oinarri juridikoa, eta eroskeria delitua egon daitekeela dio. Hori hala, Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia, Enrique Maia Iruñeko alkatea eta Alvaro Miranda kontseilari ohia inputatu ditu —egungo gobernuko presidente Yolanda Barcina ez du inputatu, foruduna delako—. Inputatuei deklarazioa hartzen hasiko da gaur epailea, eta Sanz izango da lehena.

Hitzordua 09:30ean ezarria zuen Sanzek, baina hamar minutu lehenago heldu da epaitegira. Kazetari batzuk bertara iritsi gabe zeuden, eta epaitegiaren atarian 09:30erako deitutako elkarretaratzea ere saihestu nahi izan du. Hala ere, hainbat oihu entzun behar izan ditu elkarretaratutakoen aldetik; "Sanz, ez duzu ihes egin, epaiketa Nafarroan" eta "lapurra" oihukatu diote.

Hiru ordu eta erdi egin ditu Sanzek epailearen aurrean deklaratzen. Kontuz plataformak eta UPDk osatzen dute akusazioa, eta haiei erantzutea baztertu du Sanzek: "Ez zait gustatzen politika epaitegietara eraman nahi dutenei erantzutea". Errugabe dela nabarmendu du, eta "beti" jardun duela "Nafarroaren alde". Halaber, esan du "pozik" zegoela deklaratzeagatik, Nafarroako Kutxan izan duen jarduna "argitu" ahal izan duelako.

UPDko abokatuak, berriz, jakinarazi du Sanzek ez duela azaldu zergatik eta zertarako sortu zuten Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorra, baina aitortu duela Nafarroako Gobernuak ez zituela kutxaren kontuak kontrolatzen.

Nafarroako Kutxaren dieten auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean ikertzea nahi zuen Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, baina epaileak berretsi du auzi hori Iruñean ikertu behar dela, eta ez Madrilen. Hala jakinarazi zion Iruñeko epaileak Auzitegi Nazionaleko Eloy Velascori, martxoaren 20ko autoan. Erabaki horren aurka helegitea jarri zuen Sanzen abokatuak, baina Benitok atzera bota du eskaera.

Planto Maiari

Maiak astelehenean deklaratuko du, eta Mirandak, asteartean. Atzoko udalbatzarrean, planto egin zuten PPNk ez oposizioko alderdi guztiek, Maiari eskatzeko dimisioa eman dezan deklaratzera joan aurretik. 25 minutu iraun zuen atzoko udalbatzarrak, NaBaik, PSNk, Bilduk, Aralarrek eta Ezkerrak uko egin baitzioten mozioak aurkezteari.

"Nik ez dut egoera honengatik dimitituko, normal-normal deklaratuko dut astelehenean, galdetzen didaten guztiari erantzungo diot, saiatuko naiz gauzak argitzen eta espero dut justiziak bere lana egitea", erantzun du Maiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.