Ostegunean UPNko goi kargudunak pozarren ageri ziren komunikabideen aurrean, PPrekin hauteskundeetarako akordioa izenpetu eta gero. Atzo, berriz, Diario de Navarra egunkariari eskainitako elkarrizketan, Miguel Sanz Nafarroako lehendakari ohiak gogor kritikatu zuen hitzarmen politiko horren egokitasuna. «Nire ustez, berez jada zailtasunak dituen koalizio gobernuarentzat oztopo bat gehiago da», azaldu zuen.
Hiru hilabete iragan dira presidentetza utzi zuenez geroztik, eta Yolanda Barcinak presidente ohiaren adierazpen horien ondorioei egin beharko die aurre. UPNren kontseilu politikoak gehiengo handiz (%92) PPrekin hitzarmena egitearen alde bozkatu arren, Sanzek aitortu du kontseiluan alde bozkatu zutenetako askok egun batzuk lehenago kontra zeudela aitortu ziotela. Horregatik, alderdiko hainbat militanteren jarrera horrek atsekabetu egin duela onartu du.
Gainera, elkarrizketan adierazi du Barcinarekiko harremana okertu egiten dela. Esan du hasieratik alderdiaren zuzendaritzan laguntza emateko prest azaldu bazen ere inork ez duela beregana jo aholku eske, eta, horregatik, minduta azaldu da. Hauteskundeetan nori bozkatuko dion galdetuta, ez du esan nori emango dion botoa. Gogora ekarri du PPk Barcina Nafarroako lehendakari izatearen aurka bozkatu zuela.
Sanzek «desegokitzat» jo du UPNk PPrekin hitzartutako ituna
'Diario de Navarra'-ri emandako elkarrizketan ez du argitu nahi izan nori emango dion botoa hauteskundeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu