Ehiztari batek aurkitu zuen Sara Victoria Cercanoren gorpua, Beraza deitzen dioten Mendabia aldeko paraje apartatu batean, Nafarroan. Emakumea Ekuadorkoa zen sortzez, eta Logroñon bizi zen, Espainian, baina Nafarroan hil zuten, 2003ko abenduaren 7an. 35 urte zituen. Hiltzailea ere Logroñokoa zen: Matias Vilar Alcalde, 29 urteko gizon bat.
Ikusi gehiago
Goizalde batean gertatu zen hilketa, abendu hasierako zubian. Elkar ezagutzen zuten hiltzaileak eta hildakoak, eta Logroñoko tabernetan elkar topo egin zuten, bi lagun talde ezberdinetan zebiltzanak. Beren taldeetatik bereizi, eta elkarrekin Mendabiako The Room diskotekara joatea hitzartu zuten.
Diskotekatik goizean aterata, Berazako paraje hartara joan ziren autoan. Kokaina hartu zuten han, eta eztabaidan hasi ziren. Gizonak, «ezustean» epaiaren arabera, lepotik heldu zion andreari, eta ito egin zuen; ez zuen hil, baina kontua erdi galduta gelditu zen emakumea.
Orduan, gidariaren ondoko aulkitik kanpora atera, eta burua kolpatu zion gizonak andreari, objektu gogor batekin. Bertan hil zuen.
Hilketaren zantzuak ezabatzen saiatu zen gizona. Victoria Cercanok autoan zeuzkan jaka eta poltsa Legarda izeneko beste paraje batean bota zituen, sasitara. Handik Logroñora itzuli, eta autoa goitik behera garbitu zuen Vilarrek. Andrearen eskuko telefonoa, berriz, Logroño inguruko merkataritza zentro batean txikitu zuen, horma baten kontra botata. Lan egiten zuen tabernara joan zen handik, zuzenean.
Ehiztari batek aurkitu zuen Victoria Cercanoren gorpua, eta tabernan atxilotu zuten Vilar Alcalde. Aurki aitortu zuen hilketa.
Zinpeko epaimahaiak errudun jo zuen —2006ko otsailean egin zuten ahozko epaiketa—. Epaileak zigorra txikitzeko aringarri gisa hartu zuen Vilarrek gau hartan drogak eta alkohola hartu izana, eta gau osoan lorik ez egin izana, horrek gizonaren borondatean eraginen bat ere izan zuelakoan, eta, azkenean, hamasei urteko kartzela zigorra agindu zion.