Sarbide zaharra eredu berrirako

Bolognako prozesura moldatutako ikasketak egingo dituzte selektibitatea egin duten ikasle guztiek. Aldatu egin da unibertsitatean ikasteko moldea: gaitasunek dute garrantzia. Hala ere, ez du hori ebaluatzen selektibitateak.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Urteetarako erlazioa hasiko dute gaur selektibitatea egitera joandako ikasleek eta unibertsitateak. Lehen zita ez da izango, hala ere, hurrengoen adierazle fina: Bolognako prozesuarekin irakats eredua aldatu da unibertsitateetan, baina lehengo ereduari jarraitzen dio selektibitateak. Ezagutzak soilik hartuko dituzte kontuan unibertsitatera zein ikaslek joan ahalko duen erabakitzeko; behin heldutakoan, ordea, ikasleei adieraziko diete gaur egun ezagutzek baino garrantzi handiagoa dutela gaitasunek.

«Horrelako proba batean oso zaila da gaitasunak ebaluatzea», berretsi du Julian Agirrek. Hautaproben arduraduna da EHUn. «Kimikan, adibidez, laborategiko proba bat egin beharko genuke, eta oraingo ereduan ez dago denborarik eta lekurik». Onartu du molde hori letorkeela bat egungo unibertsitate ereduarekin: «Egia da probek ez dutela eboluzionatu zentzu horretan. Oso zaila da». Gaitasunak ez ebaluatzea ez da soilik unibertsitatearen arazoa, Martin Larrazaren iritzian. NUPeko hautaproben arduraduna da. «Alde teoriko hutsak pisu handia du, baina behar dira beste gaitasun batzuk ere, iruzkinak egiteko eta. Gogoeta sistema osora zabaldu behar da: prestatzen ditugu ikasleak autonomoago izateko?».

Gaitasunak ebaluatzeko bide bat zabaldua dute EHUko hainbat fakultatek: selektibitatearen ondoren, gaitasun proba bat egiten diete ikaslegaiei; hori egiten dute, adibidez, Itzulpengintza eta Interpretazioan eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan.

Agirrek ez du uste eredu hori orokortu daitekeenik gradu guztietara: «Gradu oso partikularretan egiten da hori. Ezagutza batzuk eskatzen dituzte ikasketa horiek, ezin da behe-beheko mailetatik hasi. Baina ez luke zentzurik guztientzat hori egiteak». Larrazak nabarmendu du hein batean badela selektibitate berriaren helburua hori: zer egin nahi duen ikasleak, horrekin lotutako azterketak saritzea. «Segun eta nora jo nahi duen ikasleak, pisu gehiago edo gutxiago dute ikasgai batzuek eta besteek». Hots, zientzietako graduetan sartzeko, garrantzi gutxiago aitortzen diete letretako ikasgaiei, eta alderantziz.

Iragan urtean, Bolognako prozesua orokortzearekin batera, aldatu egin zuten selektibitatea. Aurrerapausotzat jo dute biek, Agirrek eta Larrazak. Borondatezko fase bat dago, nahi duten ikasleentzat; eta ikasi nahi dutenaren arabera, garrantzi handiagoa dute horrekin lotutako ikasgaiek. «Orain argiago banatzen dira ikasle onak eta ez hain onak. 14an dago goia, eta nabarmenagoa da banaketa», dio Larrazak.

Selektibitateaz eztabaidak sortu izan direnetan mahai gainean jarri izan dute beste aukera bat, Agirrek gogoratu duenez: «Proba orokorrik ez egitea proposatu izan da, eta unibertsitate bakoitzak egitea berea. Ez zen aurrera atera». Herrialdean herrialdeko unibertsitate publikoek dute hautaprobak egiteko ardura. Nolanahi ere, unibertsitate pribatuek egin ditzakete gero beste proba batzuk; Nafarroako Unibertsitateak, Opusenak, egiten ditu.

«Homogeneizatzailea»

Unibertsitate eredua eta azterketa mota erabat bat ez datozela onarturik ere, ez dute uste gauzak aldatuko direnik. «Ez behintzat epe laburrera», dio Agirrek. Gisa horretako azterketa bat aldatzea egun batetik bestera ez daitekeela egin dio EHUko arduradunak, eta selektibitateak duen funtzio bikoitza jarri du horren erakusle: «Proba hau ez da soilik unibertsitaterako sarbidea ematen duena. Bigarren Hezkuntzan egiten den kanpo azterketa bakarra da».

Ikastetxeen arteko desberdintasunak gutxitzen ditu selektibitateak, Agirreren iritzian: «Ez da errebalida bat, baina, hori ez dagoenez, proba honek homogeneizatzen eta ebaluatzen du sistema». Bat dator Larraza, azterketaren beharrezkotasuna nabarmenduta: «Proba homogeneoa da, ikastetxe guztientzat berbera, eta kontrolatzeko balio du. Iragazkiak jartzea da selektibitatearen izateko arrazoi nagusia». Eta galdera egin du: «Zer gertatuko litzateke selektibitatea egongo ez balitz? Ikaslearen espedientea hartuko genuke kontuan? Eskolek izango bailukete joera beren ikasleei kalifikazio altuak jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.