Sare: "Iraganeko inongo errezetek ez dute laguntzen"

2014ko abuztuaren 22a
14:16
Entzun

Preso gaixoak askatzeko eskatuz Loiun bost autobus kiskali zituztela-eta, bere balorazioa egin du Etxerat elkarteak. Nabarmendu du erasoak ez duela "ekarpenik egiten edota konponbidean ezertan laguntzen", eta gertatutakoaren aurrean kezka agertu du. Halaber, azaldu du elkarteak lanean jarraituko duela "bake jokaleku bat" lortzeko eta "herritar guztientzat giza eskubideak lortzeko".

Jaurlaritzak "gaitzespen argia" eskatu zien atzo "iraganean gaitzespenik egin ez zutenei" eta "oharrean jasotako aldarrikapen berberak dituzten elkarteei". Horren aurrean, Etxerat-ek gogorarazi du elkarteko kideek ez dutela aukeratu presoen senide izatea, eta, hala ere, egungo espetxe politikaren bidez euren eskubideak eta presoenak urratzen dituztela. "Egungo egoeraren larritasunak oraingoz aintzat hartu ez diren erabaki politiko ausartak eskatzen ditu", gaineratu du.

Sare-k, bestalde, azaldu du "erabat desmarkatzen" dela Loiuko erasoarengandik: "Aro berri batean aurkitzen da euskal jendartea ta guztion aktibazioaren bitartez euskal preso eta iheslari guztien eskubideak errespetatu behar direla irmoki aldarrikatuz, beraien etxeratzearen aldeko bidean indarrak elkartu, sustatu eta eraiki behar ditugu; guztiok".

Gatazkari irtenbide bat emateko bidean, "iraganeko inongo errezetek" ez dutela laguntzen azaldu du: "Ezta afera larri baten aurrean norabide bakarreko exijentziak luzatzeak ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.