Polizia operazioa

Sare sozialetan hitzartutako suizidio kolektibo bat eragotzi du Ertzaintzak

Instagram erabilita, hainbat herrialdetako lagunek abuztuaren 17an bere buruaz beste egitea hitzartu zuten; tartean, adingabe gipuzkoar bat.

Gazte argentiarra atxiki zuten lekua. INFO PALMARES
jon ordonez garmendia
2017ko irailaren 1a
18:22
Entzun

Bere buruaz beste egitera zihoazenak ustez horretara bultzatu zituena 17 urteko gazte argentinar bat da, eta atzeman egin zuten abuztuaren 11n, Argentinako San Jose herrian, Entre Rios probintzian. Argentinako hedabideen arabera, sareko jokoetan ezagutu zuten elkar, eta gero Instagram sare soziala erabili zuten talde pribatu batean suizidio kolektiboa hitzartzeko. Segurtasun Sailak argitu du kasu hau ez dela Balea Urdin kasu bat, zeren, horretan ez bezala, ez baitzegoen probaz proba joan beharrik suizidiora iristeko; kolpe bakarrean zuten euren buruaz beste egiteko asmoa, eta egun berean. Balea Urdinaren jolas hori orain dela gutxi egin zen ezagun, zehazten dituen probei jarraituz —besteak beste, balea urdin bat tatuatzea; hortik izena— hainbatek bere buruaz beste egin zutelako; hori zen azken proba.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gaur eman du operazio honen berri. Ertzaintzaren ikerketa bat izan zuen abiapuntu, eta nazioarteko polizia operazio batekin amaitu zen, Interpolen laguntzarekin. Clarín egunkariak abuztuaren 15ean argitaratu zuen Gipuzkoako Fiskaltzan salaketa bat jarri zutela suizidio kolektibora bultzatzeagatik. Info Palmares agerkari digitalak abuztuan argitaratu zuenez, neska adingabe baten amak izan zuen lehenik suizidioaren berri, alabaren sare sozialetan. Fiskalak txosten bat egin zuen, eta hainbat lagunek aldi berean bere buruaz beste egiteko asmoa zutela baieztatu zuen.

Polizia operazio handia Argentinan

Ikerketak Argentinara eraman zituen fiskaltza eta Ertzaintza. Arrasto horri segituz, Argentinako Libertad Tal Cual agerkari digitaleko zuzendaria, Oscar Arnau, BERRIArekin jarri zen harremanetan, fiskaltzatik informazio gehiago eskuratzeko asmoz. BERRIAk jakin zuenez, handia izan zen Argentinako Polizia Federalaren operazioa abuztuaren 11n. Polizia horrek eraman du auzia Argentinan. "30 urtean sekula ez dut horrelakorik ikusi", esan zion Daniel Paez poliziaburuak Info Palmares agerkariari.

Ikerketa Donostiako 1. Instrukzio Epaitegiak zuzendu du, Enrique Rodriguez epailea buru, eta Donostiako informatika kriminalitateko fiskal bereziak, Javier Zaragozak. Horacio Azzolin Argentinako ziberdelinkuentzia fiskalburuak egin ditu hango lanak. Segurtasun Sailak garrantzi berezia eman dio Argentinako gaztea hain azkar atxilotu izanari, taldeko kideek bere buruaz beste egin baino lehen. Argentinan ere Polizia Federalaren azkartasuna azpimarratu dute.

IMEI zenbakiari esker

Segurtasun Sailak gaur azaldu du uztailaren 19an hasi zirela ikertzen, hainbat lagunek sare sozialetan bere buruaz beste egitea adostu zutela jakin ondoren. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hasieran urte amaieran zuten euren burua hiltzeko asmoa. Baina ustezko bultzatzaileak abuztuaren 17ra aurreratu zuen eguna, hurko baten heriotzaren urteurrena zelako, Segurtasun Sailak gaur emandako informazioaren arabera.

Ertzaintzak sare sozialak ikertu zituen, eta datuak eskatu zizkien Interneten zerbitzua ematen duten enpresei. Sakelako telefonoaren IMEI zenbakiari esker jakin ahal izan zuten Argentinako Entre Rios probintziko etxe batetik zebiltzala berez buruaz beste egitera bultzatzen, eta bultzatzailea identifikatu ahal izan zuten: 17 urteko argentinar gaztea.

Interpolen bidez, Argentinako Poliziarekin jarri zen harremanetan Ertzaintza, eta abuztuaren 11n, hitzartutako eguna baino sei egun lehenago, polizia operazioa egin zen San Josen. Adingabea delako ez zuten atxilotu gazte argentinarra, baina psikiatria adituen esku utzi zuten. Adingabe gipuzkoarraren inguruko daturik ez dute eman, ezta ustez bere buruaz beste egitera zihoazen beste lagunena ere, ez haien adina, ezta jatorria ere.

Gaztearen amak ukatu egin du

Gazte argentinarra amarekin bizi da, eta amak ukatu egin du bere semea inor bultzatzen ari zela bere buruaz beste egitera. Sare sozialetan bere semea beste edozein gazte bezala aritzen dela azaldu dion Radio Melodyri, Info Palmares-en arabera, eta gaineratu zuen munduko beste gazte batzuekin harremana badu ere leporatzen zaiona ez dela inondik inora egia. Gainera, Polizia Federalak bere etxean egin zuen operazioa "gehiegizkoa" izan zela salatu zuen. Eurentzat errespetua eskatu du.

Ikerketak aurrera jarraitzen du suizidio kolektiboan nahastuta zeuden pertsona guztiak identifikatzeko, zehazki zer gertatu zen argitzeko eta asmo bera duten beste talde batzuk daudela baztertzeko. Clarín egunkariak abuztuan zioen asmo horren Argentinako liderra identifikatu nahian zebiltzala, eta beste herrialde batzuetan antzeko sareak egon zitezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.