BAKE ETA BIZIKIDETZA

Sarek bake eta bizikidetza jardunaldiak egingo ditu Gasteizen

ETA, GAL eta sakabanaketaren biktimak elkartuko ditu Sarek, kartzela politikaren salbuespenezko legediari buruzko mahaingurua antolatuko du eta gatazkaren konponbidean gizarteak izan dezakeen garrantziari buruz hausnartuko dute parte hartzaileek.

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko azaroaren 15a
16:38
Entzun

Sare plataforma herritarrak bake eta bizikidetzari buruzko jardunaldiak aurkeztu ditu, gaur goizean, Gasteizko Udaletxean. Azaroaren 28tik 30era izango da hitzaldi sorta, Gasteizko Europa Jauregian.

Azaroaren 28an, Sakabanaketa, zigor penalen zenbaketa bikoitza eta salbuespenezko legedia izeneko mahainguruan parte hartuko dute Martin Pallin magistratuak, Iñigo Iruin abokatuak eta Iñaki Lasagabaster administrazio zuzenbideko katedradunak.

Hurrengo egunean, indarkeria mota desberdinetako biktimen testigantzak entzuteko aukera izango da. Sufrimenduari ateak itxi eta itxaropenari leihoa ireki izenburupean ariko dira Unai Gonzalez Azua dispertsioaren biktima, Rosa Rodero ETAren biktima, Carmen Galdeano GALen biktima eta Sara Buesa ETAren biktima.

Jardunaldiei amaiera emango die Gizartea gatazkaren konponbiderako eragile gisa solasaldiak. Mahaiaren bueltan izango dira Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko kidea.

Sareren jardunaldiek Gasteizko Udalaren babesa izango dute. Hiriko udalak "elkarbizitza eta aniztasunerako" proiektuak garatzeko egin duen deialdiari erantzun dio plataforma herritarraren ekinaldiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.