Interneteko hautu argia du BERRIAk, hedabide osoak izateko Interneten ere garapena eta isla baten beharra sentitzen duelako. Ipar Euskal Herriko Hitza abiarazi zenean, tokiko gaiak jorratzeko eta zabaltzeko asmoz abiarazi zen. Orain, zabalkunde hori euskarri guztietara irekitzea da ideia, irakurleekiko hurbiltasuna eta interaktibitatea ahalbidetzeko gisan. Iparraldekohitza.info webguneak, zabalkunde hori ziurtatzeaz gain, berriak gertatu ahala kontatzeko aukera emanen du. Orain arte jada bazuen webgunea astekariak, baina, aldi honetan, indarberrituta da abiatzekoa.
Astekariaren edukiak jasotzeaz gain, eguneratuko den webgune bat izanen da, gertaerak kontatzeko orduan azkartasuna eta sakontasuna uztartuz. BERRIA egunkariari begira, leiho bat gehiago izanen da webgunea, elkarlanean osatua. Eta aukera bat ere emanen du euskarazko beste komunikabideekin jadanik abiatu elkarlana segiarazi eta sakontzeko, elkarlan horri oihartzun handiagoa emanez.
Lau atal nagusi
Berrien atala izanen du webguneak, gaur-gaurko gaien jarraipena eginen duena, hau da, eguneko gertakari garrantzitsuenen berri emanen duena. Iritziaren atala kolaboratzaile anitzekin osatua da, eta eragile anitzen plaza edo bilgune izan nahi du. Atal horren bidez, webgunea ahal bezain eskuragarri eta erabilgarria izateko xedea dago ahal bezain batentzat. Multimediaren atala ikus-entzunezko edukiak biltzeko gunea izanen da, dela bideo elkarrizketak, erreportaje edo beste. Eta azken atala, asteko Hitza-rentzat atxikia, papereko edizioan argitaratzen dena erakusteko eta elkarbanatzeko aukera ematekoa izanen da. Horrez gain, webguneak Ipar Euskal Herriko Hitza sare sozialekin uztartzeko aukera emanen du. Hitza-k bere kontua izanen du Twitter eta Facebook sare sozialetan. Ideia da irakurleei iruzkinak egiteko parada ematea, berrien inguruan eta blogari edo kolaboratzaileen artikuluen harira.
Webgunearekin, euskarari beste leiho bat irekitzeaz gain, azken urte hauetan Ipar Euskal Herriko Hitza-k egin lana sustrai gisa erabili nahi da. 2010eko azaroaren 5ean abiatu zen Ipar Euskal Herriko Hitza. Geroztik, ostiral guztiz Ipar Euskal Herriaz zortzi orriko gehigarria eskaintzen du, BERRIArekin batera. BERRIAn bere lekua badute Ipar Euskal Herriko berriek, eta aurrerantzean ere hala izanen dute, baina gehigarriak aukera bat gehiago eskaintzen du Zuberoatik Lapurdira, tokiko gaur-gauko gaiei beste leiho bat irekitzeko.
Ostiral batetik bestera bere bidea eginez, azkenean, hirugarren urtea beteko du gehigarriak, eta hori bera ez zen baitezpada errana hasieratik, baina bide hori hor da, eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak zoriondu du. Ipar Euskal Herriko Hitza-k paperezko argitalpenean egin lana orain webgunearekin areagotuko dela espero du: "Urruti gelditzen zaizkigu datak kazetariei, beti datekin ibiltzearen ondorioz. Baina 2010eko azaroaren 5ekoa garrantzitsua izan zen guretzat denontzat. Ipar Euskal Herriko Hitza-ren lehen zenbakia kaleratu genuen, eta, hala, urteotan pilatuta geneukan zorra kitatu".
Hiru ekitaldi Ipar Euskal Herrian, 10. urteurrenean
Aitzina segitzeko pario horrek oihartzun berezia hartu du aurten, gainera, BERRIA egunkariak bere hamar urteak beteko dituela. Euskaldunon Egunkaria 2003ko otsailaren 20an hetsi zutela eta, lau hilabete geroago BERRIAk hartu zuen euskarazko egunkariaren lekukoa.
Hamar urteak gogoan, hiru ekitaldi prestatuak ditu BERRIAk Ipar Euskal Herrian. Lehena maiatzaren 11n, Izpuran. Zertarako hegoak antzerkia emanen du Metrokoadroka sormen laborategiak. Ondotik, Ruper Ordorikaren kontzertua izanen da Miarritzen, maiatzaren 24an, eta Eñaut Elorrietarena, Hendaian, ekainaren 13an.