Emakumeen aurkako indarkeria

Sarrigurenen emakume bat labankadaz zauritu izana gaitzetsi dute agintari eta bizilagunek

Nora Gabriela Brizuelaren egoerak hobera egin du. Eguesibarko Udaleko alkatea kexu agertu da protesta elkarretaratzera ez direlako bizilagunen %100 agertu, eta herritarrei indarkeria matxistaren aitzinean sorgor ez geratzeko eskatu die.

2008ko abuztuaren 30a
19:05
Entzun
Sarrigurengo (Eguesibar, Nafarroa) 50 bat lagunek eta Eguesibarko udal ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, atzo Nora Gabriela Brizuela emakumeak ustez senarraren eskutik jasotako erasoa salatzeko. Ustez senarrak bederatzi labankada eman zizkion, ihes egin aurretik. Ordu gutxira atxilotu zuten. Emakumearen egoerak hobera egin du pixkat, eta larritasunetik atera da. Nafarroako Ospitalean dago.

Gaurko protesta ekitaldia Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak antolatu du, eta han eman dute emakume argentinarraren -senarra ere hala da- egoeraren hobekuntza. Brizuelak, aurpegi, bularralde eta bizkarrean jaso zituen labankadak, eta dagoeneko Zaintza Bereziko Unitatetik gela batera eraman dutela jakinarazi dute elkarretaratzean.

Protestagileen artean emakume taldeetako ordezkariak egon dira, baita Euskal Herriko komunitate argentinarreko kideak ere.

Elkarretaratzean bost minutuko isilunea egin dute, eta jarraian Eguesibarko alkate Josetxo Andiak nabarmendu du bizilagunek "indarkeria matxista" gaitzetsi egin dutela. Halarik ere, geroago komunikabideen aurrean kexu agertu da, "bizilagunen %100 agertu beharra zuelako". "Halako gertaerak zoritxarrez maiz gertatzeak ez du inor hotz utzi behar".

Emakumezkoei ere zuzendu zaizkio alkatea: "Emakumeek zero tolerantzia izan behar dute genero indarkeriako halako gertaera kriminaletan; hala, indarkeria fisiko edota psikikoaren zantzurik ttikienarekin instituzioetara jotzea gomendatzen diet; instituzioetan haiek laguntzeko baliabideak ditugu, eta ez ditugu inoiz bakarrik utziko".

Andiak berretsi du Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko dela auzi honetan, "bizilagun honen, eta eskatzen duen beste edozeinen, oinarrizko eskubideak defendatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.