Sarrikotapeko hondakindegi xedea, prefetaren zain

Inkesta publikoa egin duen batzordeak egitasmoaren herri onura hobetsi du, auzo askoren iritziaren aurka

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Sarrikotapeko (Zuberoa) hondakindegi xedea burutu ahal izateko prefetaren oniritzia baino ez da falta. Herri onura ikertzen duen batzordeak inkesta publikoa egin zuen ekainaren 22tik abuztuaren 5era. Xedea burutzeko eragozpen nagusirik ez dagoela ondorioztatu du, eta, horrela, hondakinak biltzeko gunea Sarrikotapean egitearen aldeko iritzia eman du.

Xedea egina izanen delarik, bertan bilduko dira Zuberoako hondakinak bai eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat lekutakoak ere; hain justu, Donibane Garazi, Baigorri, Oztibarre, Bidaxune eta Donapaulekoak (Nafarroa Beherea) eta Hazparnekoak (Lapurdi). Euskal Herriko hondakin horiez gain, Biarnoko (Frantzia) zenbait herritako hondakinak ere bertan bilduko dira, hala nola Nabarrengose, Saliese eta Salbaterrakoak.

Egin berri duen inkesta horren bitartez, batzorde publikoak ontzat eman du hondakinen tratamendua egiten duen Bil ta Garbi sindikatuaren xedea. Hala ere, xedea egin ahal izateko aldaketa batzuk egin beharko dituela jakinarazi dio Bil ta Garbiri. Nolanahi ere, aldaketa horiek ez dute egitasmoa zalantzan jartzen, eta prefetaren oniritzia jaso bezain laster Bil ta Garbik eraikuntza lanei ekinen die.

Hondakindegi horri esker aldaketa handia izango dela diote xedearen sustatzaileek. Gaur egun sortzen diren hondakinen parte bat, Lapurdi kostaldekoak nagusiki, Euskal Herritik kanpo igortzen dira erretzera, Girondara. Nafarroa Beherekoen eta Zuberoakoen parte handi bat, berriz, Lapurdin lurperatzen dira, Senpereko hondakindegian.

Herritarren haserrea

Batzorde publikoak, egitasmoaren herri onura hobestean, ez ditu aintzat hartu herritarren oharrak eta kexuak. Hainbat puntutan haien arrangurak kontuan hartzen baditu ere, ez du xedea gelditzeko arrazoirik ikusten plazaratutako kontrako argudioetan.

Herritarren artean aski zabalduta dago, ordea, xedearen kontrakoa iritzia. Sarrikotapeko inguru guztiak, esaterako, Bil ta Garbi eta Alain Iriart sindikatuko presidentearen aurkako mezuz bete dituzte. Herria «hondamendira eraman» eta ingurunea kutsatzea leporatzen diete xedearen aurkakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.