Seaska, hitzarmenik gabe, haserre gorrian

Irailerako irakasleen adjudikazioa airean da, Seaska eta Frantziaren arteko hiru urteko hitzarmena amaituta

Ikastolek egoera bideratzeko eskea egin diete EEPko arduradunei eta Ipar Euskal Herriko diputatuei. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Negoziazio luzeen ondoren, Seaska eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa ez dira ados jarri, eta, ondorioz, kolokan da ikastoletako eskola sartzea. Izan ere, amaitua da irakasleak esleitzeko hiru urteko hitzarmena, eta, berritu ezean, ikastolen eskola sartzea haserre gorrian eginen da. Horrela jakinarazi zuten Seaskako Ikastolen Kontseilua osatzen duten 29 ikastolek, joan den larunbatean egin zuten biltzar nagusiaren ondotik.

Ekainean amaitu da Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Seaskak adostu zuten hiru urteko hitzarmena. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzaren bidez, bi aldeek hamar bat bilkura egin dituztela jakinarazi du Ikastolen Kontseiluak. Funtsean, egitura hori da hiru eragileek lortu akordioari onespena ematen diona. Azken hilabete eta egunotan Seaska, Frantziako Hezkuntza eta EEP hitzarmen berria lortzeko lanetan aritu dira. Hamar bilkura baino gehiago egin dituzteeragileek. «Indarrean egon den azken hitzarmenaren bilduma adostu ondoren, eta EEPren bitartekaritzarekin hitzarmen berriaren artikuluak hitzez hitz elkarrekin idatzi ondoren, akordioa berehala lortuko zela zirudien», erran du Ikastolen Kontseiluak. Alta, azken orduan eta neholako arrazoirik eman gabe, Akademia ikuskariak gibelera egin duela eta bertze proposamen bat egin duela azaldu du Seaskak.

Azken hilabeteotan pazientzia handiz landutako hitzarmena paper errea bihurtzea leporatu diote ikastolek Akademia Ikuskaritzari. Gaur egun ez dago hitzarmenik indarrean, eta Seaskak ez du jaso Frantziako Hezkundearen oharrik, heldu den eskola sartzean ukanen duen irakasle kopurua argitzeko. Seaskak segurtasunik gabeko egoeraren arduradun egin ditu Akademia Ikuskaritzako arduradunak.

Harridura eta kezka

«Azken urteetan, partaide anitzen artean elkarrizketa baikorrak bideratu ondoren, Ikastolen Kontseilua harriturik da jokamolde aldaketa horren ondorioz, eta gure kezka sakona jakinarazi nahi dugu», erran du Ikastolen Kontseiluak. Seaskak gogorarazi du iaz ere arazoak izan zirela eta, Akademia Ikuskaritzak bere hitza jan ondoren, Baionako karriketan 3.000 lagunetik gora bildu zituen manifestazioa egin behar izan zuela larrialdiak bultzaturik. Indar erakustaldi haren ondorioz, 2011-2012 ikasturterako irakasle postuak bermatzea lortu zela nabarmendu du Seaskak.

Azken bost urteotan, Ikastolen Kontseiluak Seaskako Batzorde Eragilearen gain utzi du hitzarmena osatzeko ardura, elkarrizketari lehentasuna emanez. Akademia Ikuskaritzak bertze garai batzuetako indar harreman jarrerak eragin ditzakeela uste du, solasaren ordez manifestazio, okupazio eta ekintzak baliatuz. Ikastolen Kontseiluak eskaera egin die EEPko arduradunei eta Ipar Euskal Herriko diputatuei «Seaska eta Akademia Ikuskaritzaren arteko harremanen usteltzea» geldi dadin, eta «Frantziako Hezkuntzak dagokion eginkizunari erantzun diezaion, 2012-2013 eskola sartzea denentzat baldintza hoberenetan iragan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.