Ikastolak

Seaskak manifestazio bat egingo du Hendaian, suprefetari erantzuteko

Larunbatean egingo dute manifestazioa, eta bilerak eskatu dizkiote Baionako suprefetari. Herriko etxea ohartarazi du suprefetak, ikastola dirua edo egoitza emanez ez laguntzeko erranez. "Gerla deklarazio" bat dela salatu dute ikastolek. Falloux legea indargabetzeko ekimenak hasiko dituzte.

Berria.info
2013ko urtarrilaren 28a
21:24
Entzun

Heldu den larunbatean Hendaian manifestazio bat egingo dutela iragarri du Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak. 17:00etan, tren geltoki ingurutik abiatuko da protesta; Baionako suprefetari erantzun nahi diote, ikastolen aurka ez egitea galdeginez.

Baionako suprefetak oharra bidali zion joan den astean Hendaiako Herriko Etxeari; erakunde publikoek ezin dituzte eskola pribatuak lagundu, ez diruz ez egoitzak emanez. 1850. urteko lege batek debekatzen du hori, Falloux Legeak; lege hori indarrean dela, eta ezin dituela eskola pribatuak lagundu gogorarazi dio suprefetak herriko etxeari, gutun bat igorriz.

Suprefetari erantzun dio Seaskak gaur arratsean, prentsaurreko batean. Suprefetaren jokabideak hizkuntza politika arriskuan jar dezakeela ohartarazi dute. Falloux legeak Seaskako ikasleen %90 eta egoitzen %80 arriskuan jar ditzakeela ohartarazi dute, egoitzak itxiaraziko balitu.

Jean Baptiste Salaberri Hendaiako auzapeza ere prentsaurrekoan izan da. Erran du arazo handi bat sortu dela, eta "ahalik eta arinen" konpontzea espero duela erantsi du. Paueko prefetari bilerak eskatu dizkiote. Hendaiako Herriko Etxeari otsailaren 6rako eman dio txanda, eta Seaskari otsailaren 5erako. Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak ere "larrialdiko bilera" eskea egin dio Paueko prefetari.

Falloux legearen kontrako ekina

Mobilizazioak eginen dituztela iragarri dute, hala ere, Seaskako kideek. Larunbatean izanen da lehena. Baina azaldu dute ezinezkoa dela "beti beldurrez" ibiltzea Falloux legearen eraginez. Horregatik, Bretainia, Okzitania, Katalunia, Alsazia... eta besteko ikastoletako ordezkariekin harremanetan sartu direla jakinarazi dute. Zenbait parlamentarirekin ere hitz egiteko asmoa du Seaskak. Falloux legea kentzea izanen da harreman horien bidez hasiko dituzten ekimenen helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.