Kezka. Ez du ezkutatzen sentimendu hori Euskal Konfederazioaren eledun Sebastien Castetek. Susmoa du onura ez baizik kaltea ez ote duten ekarriko Hollandek egindako eskakizunaren harira Frantziako Konstituzioan proposa daitezkeen aldaketek. Gainera, ez du inolako konfiantzarik Frantziako estatuak arloan ekar ditzakeen aurrerapausoetan. «Sinesgarritasuna» galdua duela pentsatzen du. Kezka eragiten dio, bereziki, ituna berresteko asmoaren harira, Frantziako Konstituzioan 53-3 artikuluaren bitartez egindako aldaketa proposamena —Alderdi Sozialistak egina— mamitzeak. Izan ere, erraten du frantsesa dela herritarrek administrazioarekin harremanetan sartzeko hizkuntza. Bakarra.
Hollanderen proposamenak onura ez baizik kaltea ekar dezakeen susmoa duzue, ezta?
Bai; izan ere, Ipar Euskal Herrian hainbat herriko etxe urratsak egiten ari dira, bai seinaleetan, bai langileak beren lan denboran euskalduntzeko eta abar. Eta aldaketa 53-3 artikulurako egindako formulazioarekin egiten bada, atzerapen gisara ikusi behar dugu, horrek zapalduko bailuke orain arte egin dena. Horregatik, aldaketa gure kaltetan egiten bada, hobe ez egitea. Artikulu horren bidez egin diren aurrerapauso tipiak deuseztatzearen beldur gara. Egun ez dago legerik debekatzen duenik hizkuntza baten erabilera, eta horrelako aldaketa batekin arrisku hori bada. Eta horrelako zerbait erabakitzen bada, garapena etengo litzateke.
Oraindik ez dago argi zer-nolako proposamena izango den...
Ez dute esan zer-nolako lege proiektua eginen duten, baina termino horiek erabiltzen badira konstituzioa aldatzeko, gu kontra ginen orain dela urtebete —eta ez Euskal Konfederazioa bakarrik, baita Bretainiako, Okzitaniako eta beste hainbat tokitako hizkuntzen defendatzaileak ere—, eta kontra gara egonen orain ere.
Zalantza handiak, beraz...
Ituna berresteagatik berresteari ez diogu inolako zentzurik ikusten. Hor da, esaterako, lurralde kontratua, eta bertan bada euskarari buruzko atala; Hautetsien Kontseiluak landu du. Euskararen aldeko itun bat proposatu du, eta hiru gai aipatzen dira: trebakuntza, irakaskuntza eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontuaren bikoizketa. Egun, Frantziako Gobernuak keinu azkar bat izan nahi badu gure hizkuntzaren alde, aski du, adibidez, EEPren aurrekontua bikoiztea, hemengo hautetsi guztiek eskatzen duten bezala. Hats berri bat emanen lioke euskarari; nahi badu bere borondate ona erakutsi, hor badu aukera.