Euskal herria

Segurtasun indarren biktimei barkamena eskatzea galdegin dio Aralarrek Patxi Lopez lehendakariari

Ibarretxek bere garaian ETAren biktimei eskatu zien moduan egin beharko lukeela argudiatu du Aintzane Ezenarrok. Jesus Loza PSE-EEko ordezkariak ez du ezezkorik eman, eta adostasuna bilatu beharko litzatekeela esan du.

2011ko uztailaren 11
17:01
Entzun

Motibazio politikoko indarkeriaren biktima guztien txostena egiteko lan taldea osatu da gaur Eusko Legebiltzarrean. Estatuko segurtasun indarren biktimak ere hartuko ditu txostenak, eta erreparazioa eman eta aitorpen publikoa adierazteko eratu dute. Iñigo Iturratek (EAJ), Jesus Lozak (PSE-EE), Aintzane Ezenarrok (Aralar), Mikel Aranak (Mistoa-EB) eta Juanjo Agirrezabalak (Mistoa-EA) osatuko dute. PPk eta UPyDk ez dute parte hartuko lan taldean.

Lan taldea osatzerakoan Aralarrek estatuko segurtasun indarren biktimei barkamena eskatzea galdegin dio Patxi Lopez lehendakariari. Bere garaian Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ETAren biktimei barkamen instituzionala eskatu zien moduan egiteko eskatu dio Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak. Lozak ez dio uko egin hori egiteari, baina adostasunaren beharra azpimarratu du. Adostasun horren izenean lan taldeak ez du presidenterik izango, egin beharrekoak adostasun osoz egin behar dituztela erabakita.

Lopezi barkamena publikoki eskatzeaz gain, memoriaren egunean biktima horiek ere aintzat hartzea eskatu dute. Lehen bilera uztailaren 26an izango du txostena idatziko duen lan taldeak, eta alderdi bakoitzak bere proposamenak eramango ditu horra. PPk ordezkaririk izango ez duen arren, gaia aztertuko duen norbait izendatuko du.

Txostenak azken 45 urteetako biktimak jaso nahi ditu, hiru garaitan: 1968tik 1977ra, 1977tik 1985era eta 1985etik gaur egunera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.