Segurtasun neurriak eskatu dituzte ertzainek
ERANDIO. Ertzaintzako sindikatuek «segurtasun neurri gehiago» eskatu dituzte poliziek kaleko protestetan eta tentsio aldietan beren lana egin ahal izateko. Polizien lan baldintzen inguruan Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko buruekin egiten ari diren bileretan egin dute eskaera hori, besteak beste, Ernek eta Esanek. Bigarren horren kide zen Inocencio Arias, Bilboko Athletic eta Moskuko Spartaken futbol partidaren harira izandako istiluetan bihotzekoak jota hildako ertzaina. Eskaera horrez gain, beste hainbat egin dituzte, baina atzo Erandioko Ertzain Etxean (Bizkaia) izandako bileratik «haserre» eta «konpromisorik gabe» irten zirela adierazi dute bi sindikatu horietako buruek. Segurtasun Sailaren arabera, atzoko bileran Brigada Mugikorraren «modernizaziorako» neurriak aztertu zituzten, baina Erneko Roberto Seijoren arabera, «erabateko porrota» izan da bilera. Salatu du beren proposamenei «entzungor» egin dietela, «esklabo egutegiak» inposatu nahi dizkietela eta Ertzaintzaren antolakuntza «kaotikoaz» ez dela hitz egin. Ohartarazi du, halaber, bihar Athleticek Marseillako Olympiquen aurka duen partidara ertzainak «etsita» joango direla. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea, berriz, baikor mintzatu da. «Sindikatuekin helburuak parteka ditzakegula uste dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu