EUSKAL HERRIA

Segurtasun Sailak dio ez duela Hellinen arrastorik aurkitzen Ertzaintzaren formakuntza planetan

Emilio Hellinek Yolanda Gonzalez bilbotarra hil zuen 1980an, eta 43 urteko espetxe zigorrera kondenatu zuten. Atzo 'El País' egunkariak argitaratu zuenez, beste nortasun bat du orain Hellinek, eta Guardia Zibilarentzat, Espainiako Poliziarentzat eta Ertzaintzarentzat lan egiten du. "Izan daitekeela" dio Segurtasun Sailak; gaur goizean hasi da argitaratutako informazioarekin lanean.

Jon Olano-Jon Ordoñez
2013ko otsailaren 25a
16:56
Entzun

Yolanda Gonzalez bilbotarra 1980ko otsailaren 1ean hil zuten, Madrilen, bi tiroz, 19 urte zituela. Hilketa harengatik Emilio Hellin ultraeskuindarrari 43 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1982an. Hellinek berak adierazi zuenez, Gonzalez ETAkoa zelakoan bahitu eta hil zuten.

Atzo El País egunkariak argitaratu zuenez, Espainiako Poliziarentzat, Guardia Zibilarentzat, Ertzaintzarentzat eta Kataluniako mossoentzat lanean ari da egun Hellin, aholkulari. Kazeta horren arabera, ikerketa ugaritan parte hartzen du, eta polizien prestakuntza ikastaroetan aritzen da, irakasle lanetan. Espainiako Barne Ministerioak ordaintzen dio.

Segurtasun Sailak, ordea, ez dio baieztatu BERRIAri Ertzaintzak Hellinekin lan egin duenik, baina izan daitekeela onartu du. Gaur goizean jarri dira El Pais-en argitaratu den informazioarekin lanean, baina formakuntza planen artxiboetan Hellinen izena edo bere enpresarena ez direla agertzen jakinarazi diote BERRIA.INFOri.

Espainiako Barne Ministerioak, berriz, adierazi du Hellinek ez duela segurtasun indarrentzat lan egiten. Espainiako Segurtasun idazkari Francisco Martinezen arabera, Hellin irakaslea da New Technology Forensics enpresan, eta enpresa hori kontratatu izan dute Espainiako Poliziak nahiz Guardia Zibilak. Hain zuzen, segurtasun indarrek 2006., 2008. 2009., 2010. eta 2011. urteetan kontratatu zuten enpresa hori, "gai zehatz batzuei" buruzko ikastaroak emateko.

Formakuntza planak Arkautin diseinatzen dira

Ertzaintzaren formakuntza planak urtekoak izaten dira, eta zuzendaritza batzorde batek ematen die onespena. BERRIAk jakin ahal izan duenez, aurki onartuko dute aurtengo plana. Formakuntza bi modutara programatzen da: gai baten inguruan zer aditu dauden aztertuz edo beste norbaitek gomendatuta.

Segurtasun Sailak esan du Arkautitik diseinatzen direla programa horiek, eta ez dituela egiten Espainiako Barne Ministerioak. Gaineratu du ertzainentzako formakuntza programak osatzeaz gain, udaltzainentzat eta suhiltzailentzat ere osatzen direla.

Edonola, Hellin Ertzaintzarekin lanean izan dela baieztatu arte zer egingo duten ezin dutela aurreratu diote Segurtasun Sailean. "Jakin behar dugu aurretik hitzaldi bat ematen izan den, edo ikastaro bat, edo lan harreman hori zenbatekoa izan den", esan diote BERRIA.INFOri.

Ihes eginda ere, 1996tik libre

Beste nortasun batekin bizi da orain Hellin. Emilio kendu eta Luis Enrique izena hartu zuen 1996. urtean. 1987an, baimen bat baliatu zuen Paraguaira ihes egiteko, eta hango diktadura militarreko zerbitzu sekretuetan hasi zen lanean. 1990ean Espainiaratu zuten, eta 1993an kartzelatik ateratzeko zazpi eguneko baimen bat eman zioten, hainbat aldiz ihes egiten saiatu bazen ere. 1996ko urtarrilean utzi zuten libre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.