ESAKO URTEGIA

Segurtasunari buruzko txosten independentea eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Bozeramaileen batzordeak onartu du proposamena; PPNk baino ez du kontra bozkatu; UPN abstenitu egin da.

2013ko ekainaren 3a
17:08
Entzun

Nafarroako Parlamentuak informazio gehiago nahi du Esako urtegia handitzeko obren inguruko segurtasunari buruz. Bozeramaileen batzordeak txosten independentea eska dezala galdegin dio Nafarroako Gobernuari, eta, horrekin batera, adituen mahai bat osa dezala.

Hori guztia “lehenbailehen” egiteko ere eskatu dio Nafarroako Parlamentuak gobernuari. Txostena galdegitearen aldeko boza eman dute PSNk, Bilduk, Ezkerrak eta Aralar-NaBaik; PPNk, berriz, kontra bozkatu du, eta UPN abstenitu egin da.

Txostenaren helburua da Esako urtegiko hormaren segurtasunari buruz dauden zalantzak argitzea. Horretarako, Nafarroako Parlamentuak uste du “lan independentea eta zorrotza” egin behar dela.

Aldi berean, bozeramaileek adituen mahai bat osatzea ere nahi dute, gaur egun dauden txosten guztiak aztertzeko eta "obren segurtasuna bermatzeko neurriak" proposatzeko.

Txostenak prestatu bitartean, urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko eskatu du Bilduko Maiorga Ramirezek. Ez da neurri horren alde agertu, ordea, UPNko Carlos Garcia Adanero. Hala ere, “lor daitekeen informazio guztia lortzea” ontzat jo du.

Aralar-NaBaiko Patxi Zabaletak Esa inguruko herritarrak kezkatuta daudela nabarmendu du. PPNko Enrique Martinek bertzelako iritzia agertu du. Haren hitzetan, ez da Esako urtegiari buruzko bertze txostenik behar. "Obrak gelditzea ere ez da batere egokia”, erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.