Herrira mugimenduak maiatzaren 19rako antolatu duen Goazen Plazara ekitaldiarekin bat egin dute sei alderdi politikok. Euskal presoen oinarrizko eskubideak aldarrikatzera deitu dute ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Geroa Baik eta EH Baik. Alderdi horietako ordezkariek agerraldi bat egin zuten atzo eguerdian Iruñean, Euskal Herriko plazetan presoen eskubideen alde egingo diren ekitaldiei atxikimendua emateko. Sei alderdien izenean, Alternatibako Begoña Vesgak eta EAko Miren Aranoak hitz egin zuten.
Herrira mugimenduaren aldarrikapenak bere egin dituzte sei alderdi politikoek, eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute. Hain ustez, Espainiako eta Frantziako gobernuek darabilten espetxe politika egokitu behar dute, «hasi den aro berrian gatazka konpontzeko bidean modu positiboan eragiteko».Espainian ezartzen den 197/2006 doktrina bertan behera uzteko eta zigorra bete duten presoak askatzeko galdegin dute, baita Frantzian ezartzen duten bizi osorako zigorra baliogabetzeko ere. Horrez gain, zigorraren bi herenak eta hiru laurdenak bete dituzten presoek kalean behar luketela uste dute. Presoen osasun eskubidea bermatzea ere beharrezkotzat jo dute Goazen Plazara ekitaldiarekin bat egin duten alderdiek. Hori dela eta, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatu dute, eta bestelako gaixotasunak dituzten presoak egoki zaintzeko neurriak hartzeko.
Atzo emandako prentsaurrekoan, Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal preso politikoen aurka oraindik ere duten «muturreko egoera» salatu zuten: «Giza eskubideekiko begirune eta errespetu eza erakusten dute; preso politikoei aplikatzen zaizkien neurriek oinarrizko eskubideak urratzen dituzte». Sei alderdi politikoen iritziz, mendekua lortu nahi duten politikak dira horiek, eta «irizpide demokratikoetatik urrun» daude. Presoek eta haien senideek bizi duten egoera «larria» eta «zentzugabea» dela uste dute. Egoera hori «lehenbailehen» aldatzeko borondate politikoarekin jokatzeko eskatu diete gobernuei.
Maiatzaren 19ko Goazen Plazara ekitaldiari zenbait gizarte eremutako 170 bat lagunek eman zioten babesa larunbatean. Horien artean daude, kultura, kazetaritza, unibertsitate, zuzenbide, kirol eta zenbait herri mugimendutako ordezkariak.
Sei alderdi politikok plazak betetzera deitu dute presoen eskubideen alde
Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Geroa Baik eta EH Baik bat egin dute 'Goazen Plazara' ekitaldiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu