Sei atxilotu Andoainen, sexu esplotazioa leporatuta

Poliziak martxoaren 13an atzeman zituen, herriko klub batean andreak prostituitzera behartzen zituztelakoan

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu ditu Andoainen (Gipuzkoa), herriko prostituzio etxe batean emakumeak sexualki esplotatzen zituztelakoan. Espainiako Gobernuaren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaritzak atzo jakinarazi zuenez, martxoaren 13an egin zuten operazioa. Sei atxilotuek prostituzioan jardutera behartzen zituzten hainbat emakume, inolako lan kontraturik gabe eta gizarte eta mediku babesik gabe. Atxilotuen artean lokalaren arduraduna dago; prostituzioari lotutako delitua eta langileen eskubideen aurka egitea leporatzen dio Poliziak. Beste bost atxilotuei hari laguntza ematea egozten diete, eta paperik gabe egotea ere bai.

Prostituzio klubean lan egin zuten emakume batzuek emandako informazioari esker jarri zuen martxan ikerketa Poliziak. Langile ohiek Poliziari adierazi ziotenez, klubean lanean ari ziren hainbat emakume kontraturik gabe ari ziren. Gainera, modu irregularrean zeuden, Poliziak azaldu duenez.

Prostituzio etxean lan egiteagatik, klubaren arduradunek emakumeak behartu egiten zituzten diru kopuru finko bat ordaintzera. Atxilotuek, gehienez, hiru asteko lanaldia eskaintzen zieten emakumeei; eta, aldi hori bukatzen zenean, beste prostituzio etxeren batera joan behar izaten zuten. Informazio horren berri izanik, Poliziak kluba ikuskatu zuen eta langile ohiek esandakoa egiaztatu zuen: prostituzioan ari ziren hamar emakumeetatik lauk ez zuten kontraturik eta asegururik. Hori dela eta, martxoaren 13an, klubeko arduraduna atxilotu zuten, eta harekin batera, laguntza ematen zioten bost pertsona.

Adingabe bat, erasana

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Caparroson (Nafarroa) hiru gazte atzeman dituzte foruzainek, 16 urteko neskato bati egindako erasoan parte hartu dutelakoan. Atxilotuetako biri genero indarkeria egotzi diete, eta hirugarrenari, foruzainei aurre egitea. 16 urteko neskatoa herriko osasun etxera eraman behar izan zuten istiluen ondorioz.

Bestalde, genero indarkeria leporatuta, Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen herenegun Bizkaian. Emaztea jo zuelakoan, ertzainek 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Barakaldon. Bilboko Basurtu auzoan, berriz, 39 urteko gizonezko bat atzeman zuten. Bikotekideak salaketa jarri zion, heriotza mehatxuak egin zizkiolakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.