Taldeko sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak BERRIAri baieztatu dionez. Gauerdian, emakume bat artatu behar izan dute ospitalean, eta salaketa jarri du sexu erasoagatik. Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin, Ertzaintzak sei gizon atxilotu ditu gaur goizaldean, 18 eta 36 urte artekoak. Deustun atxilotu dituzte, eta hango polizia etxean dauzkate.
Bart gauerdian izan da erasoa, Ertzaintzak emandako datuen arabera, Etxebarria parkearen inguruan.
Atxiloketen berri zabaldu bezain laster, ohar bat atera du Bilboko Udalak. "Irmotasun osoz" gaitzetsi du erasoa: "Ekintza horrek, osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez". Halaber, babesa adierazi die erasoa jasan duen andreari eta hurbilekoei, eta gogora ekarri dute "arlo pribatuan zein publikoan gertatzen den indarkeria matxista" islatzen dutela halakoek. "Bilboko Udalak edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia egiten die herritarrei [...] Gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei; hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean".
Adierazpenean erantsi dutenez, udalak parte hartuko du bart gaueko erasoa gaitzesteko ekitaldietan, eta "behar dituztenen esku jarriko ditu Genero Indarkeriaren Alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz".
"Sistema patriarkalak eragindako" erasoak
Bilbo Feminista Saretzen taldeak mobilizaziorako deia egin du, sarean zabaldutako kartel baten bidez. "Nazkatuta gaude. Ezin gaituzue isildu. Kaleak geureak dira. Erasorik ez erantzunik gabe", idatzi dute deialdi horretan. 19:30ean egingo dute bilkura, Arriaga antzokiaren aurrean.
Ohar bat ere atera dute deialdia egiteko. Bart gaueko erasoa ez ezik, joan den asteartean Abando inguruan gertatutako beste bat ere salatu dute: labanaz eraso zioten emakume bati. "Emakumeok eskubidea dugu espazio publikoa nahi dugunean eta nahi dugun moduan erabiltzeko, zer gertatuko ote den beldurrik izan gabe". Ohartarazi dute, gainera, "erabat patriarkala den sistemak eta konplize diren instituzioek eta jendarteak eragindakoak" direla halako erasoak, eta "neurri ausartak eta osoak" eskatu dizkiete instituzio eta eragileei. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute, "geure burua defendatzeko tresna gisa", eta dei egin diete emakumeei indarkeria matxistari erantzutera. Gizonezkoei, berriz, "konplize izateari utzi eta norberaren zein ingurukoen jarrera misoginoen aurrean beste albo batera ez begiratzeko" eskatu diete.
âš ï¸ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂâš ï¸ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂâš ï¸ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ
— Bilboko Bilgune Feminista (@BilbokoBf) August 2, 2019
Emakume bat bortxatu dute Bilbon!
Ez gaituzue isilduko!
â–¶ï¸ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂGaur kontzentra Arriagan 19.30etan.
Erasoen aurrean, antolakuntza feminista!! pic.twitter.com/dbYPvcW4q1
Juan Mari Aburto alkateak, berriz, oharatarazi du "legearen zigor gogorra eta gizartearen mespretxua jaso beharko" dutela ustezko erasotzaileek: "Ez dugu atzerapausorik emango indarkeria matxistaren aurka".
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ere agertu du "gaitzespena", eta kritikatu du "erantzun eskasa" ematen diotela instituzioek indarkeria matxistari: "Eguna joan eguna etorri halakoak gertatzeak ez ditu irensteko errazago egiten. Oraindik harritzen gara erasotzaileen zigorgabetasun sentimenduagatik, biktimen babesgabetasunagatik eta instituzioen erantzun eskasagatik. Beste biolentzia batzuen aurka egiteko ateratzen dute kemena, dirua eta borondate politikoa".