Trinidad Jimenez Espainiako Osasun ministroak gaur jakinarazi duenez, gaixotasun kroniko bat eta sei hilabete baino gehiago dituzten haurrek jasoko dute A/H1N1 gripearen aurkako txertoa, Europako Batasunak hartutako neurriei jarraituz. Hasiera batean hamalau urte azpiko haur guztiak txertatzeko proposamena egin zuen Osasun ministroak, baina gaur aldatu egin du adin tarte hori. Espainiako Estatuko Osasun sailburuekin egin duen bileran hartu du erabakia.
Txertoa hartzen lehentasuna osasun arloko langileek, suhiltzaileek, gaixo kronikoek eta haurdun daudenek izango dute. Herritarren %60entzat eskuragai egongo da txertoa.
Ikasturtearen hasiera dagokionez, adierazi du "normaltasun osoz" ekingo zaiela eskolei eta ez dela atzeratuko, "oraingoz horretarako arrazoirik ez" dagoelako. Nafarroak eskola sartzea mailaka egitea erabaki zuen A/H1N1 gripeari aurre egiteko neurri gisa. Datorren ostegunean hasiko dute ikasturte berria hainbat ikaslek, Nafarroan.
Bestalde, Migel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi du A/H1N1 birusari aurre egiteko batzorde bat eratuko duela. Gobernuko sail ezberdinen artean protokolo bat jarriko dute abian, kasu bakoitza aztertu eta koordinatzeko asmoz, "osasun arlotik kanpo dauden gaiak" batez ere. Komisio hori Espainiako Osasun Ministerioarekin elkarlanean arituko da.
Horrela, A/H1N1 gripeak Justizia, Ekonomia eta Ogasun gaietan, zuzenean edo zeharka, eragina duen kasuetan, erantzun bat ematen saiatuko da komisio hori.
Haurdun dagoen emakume bat ospitalean, A/H1N1 gripea dela-eta
A/H1N1 gripea duela-eta Virgen del Camino Iruñeko erietxean sartu dute 27 urteko emakume bat, Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Haurdun dago emakumea, zortzi asteko. Larunbatean Tuterako (Nafarroa) ospitalera eraman zuten eta, gaixotasuna duela ikustean, Iruñekora pasatu dute.
Nafarroako Gobernuko Osasunaren Sailaren arabera, egoera egonkorrean dago emakumea.
65 urteko gizonezko bat ere eraman dute A/H1N1 gripearekin Virgen del Caminora. Hura ez daukate ZIUn.
Nafarroan beste bi lagun daude ingresatuta gaixotasun berarekin: Tuteran 54 urteko gizonezko bat eta Iruñean Nafarroako Ospitalean 38 urtekoa.
osasuna
Sei hilabete baino gehiago eta gaixotasun kronikoren bat duten haurrak txertatuko dituzte A/H1N1 gripearen aurka
Hasiera batean hamalau urte azpiko haur guztiak txertatzea proposatu zuten. Nafarroan birusari aurre egiteko komisio bat eratuko dute, sail ezberdinen artean kasu bakoitza aztertu eta koordinatzeko xedearekin. Bestalde, haurdun dagoen emakume bat Iruñeko ospitalean dago A/H1N1 gripea duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu