Sei lan gatazka martxan

2014ko maiatzaren 21a
13:08
Entzun

Arabako industria sektorean dauden lan gatazka nagusien egoera laburbildu due LAB sindikatuko ordezkariek, gaur goizean.

Alestis: Aeronautika konpainiak gero eta lan zama gutxiago du Araban. Horrez gain, herrialdeko langileei dagozkien erabakiak kanpora ateratzeko saiakera dago, LABen arabera. UGTk eta CCOOk lan erregulazioa hitzartzen ari dira Andaluzian, eta lan baldintza berriak ezartzeko beste agiri bat. “Hemengo langileen egoera nabarmen okertuko luke”, Igor Txillon LABeko ordezkariaren ustez.

Aernnova: Zuzendaritzak “erabateko malgutasuna” exijitu die langileei. Lan erregulazio bat martxan jartzeko erabakiaren ondotik, prozesua hasi du lan itunean ezarritakoa bertan behera utzi eta baldintza berriak “inposatzeko”. Horren erakusle litzateke aurten honezkero lau aldiz aldatu zaiela egutegia langileei.

Cegasa: Azken urteotan konpainiak zorpetze handia pilatu du. Ondorioz, bankuek finantzazioaren iturria itxi diote. Orain, konkurtsoa martxan du Cegasak, baina langileei ez zaiela prozesuaren informazio zehatzik ematen kritikatu du LABek.

Condesa: Finantzazio arazoak ditu altzairu sektoreko konpainiak. Hori dela eta, hornitzaile nagusiak, Arcelor-Mittalek, bobinak aurreratzeari utzi dio. Erregulazio bat mahai gainean jarri du, parte bat langileen langabezia sariarekin osatzeko. LABen arabera, trukean enpleguari eustea exijitu zaionean ezezkoa eman du Condesak.

Laminaciones: Bi urte baino gehiago iraun ditu gatazkak honezkero. Hasi zenean, 358 langile zeuden Gasteizko eta Urbinako lantegietan. Gaur egun, 140 inguru baino ez dira geratzen. Orain dela bi aste arte lantegiek ez zuten ezer ekoizten, eta orain produkzioa hasi da Urbinan. Haatik, enpresak beste kaleratze kolektibo bat egiteko asmoa aurreratu die sindikatuei, eta gatazka luzatzea espero dute.

Sidenor-Gerdau: Forjas Alavesas historikotik gutxi geratzen da Gasteizko lantegian. Jarduera nagusia laminazio-trena da, baina hori lekualdatzeko asmoa du enpresak. Hori gabe, ez dagoela gerorik susmatzen du LABek. Era berean, Gerdau multinazionalak Frantziako Ascometal erosteko asmoa du, eta, gauzatzen bada, Arabako lantegian ondorioak egoteko arriskua ere badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.