Azken hamarkadetako Euskal Herriko politika jarduna ez da badaezpadako kontua izan. Jende ugari aritu da urte hauetan guztietan politikan burubelarri; horietako asko ez dabiltza gaur egun politikaren lehen lerroan, eta, horregatik, haien izenak ahaztu samar daude.
Hala ere, zer esana badute oraindik, eta BERRIAk haien hitzak bildu ditu aste honetan argitaratuko duen elkarrizketa sorta batean. Hainbat alderdi eta erakundetan jardundakoak dira elkarrizketatutako pertsonak:
Jose Angel Cuerda: Gasteizko alkate izan zen, frankismoko diktaduraren osteko lehenengoa. Bere erakunde jarduna horretan zentratu bazuen ere, Espainiako Kongresurako eta Eusko Lgebiltzarrerako hautatua ere izan zen, EAJrekin. Elkarrizketaren argitalpena: abuztuak 5 (asteartea).
Itziar Aizpurua: Ezker abertzaleko militante historikoa; Burgosko prozesuan epaitua eta zigortua izan zen, eta kartzelan izan zen, 1977ko amnistiarekin kaleratu zuten arte. Herri Batasunaren (HB) zerrendetan hautatua izan zen Eusko Legebiltzarrerako eta Espainiako Kongresurako. Elkarrizketaren argitalpena: abuztuak 6.
Enriqueta Benito: Unidad Alavesako (UA) kidea izan zen, 2005ean alderdia desegin zen arte. Eusko Legebiltzarrean izan zen parlamenatari, besteak beste. Elkarrizketaren argitalpena: abuztuak 7.
Begoña Errazti: Eusko Alkartasunako (EA) lehendakari ohia. Nafarroako parlamentari izan zen bi legegintzalditan; gero, alderdiko karguan zentratu zen. Elkarrizketaren argitalpena: abuztuak 8.
Iñaki Esnaola: HBren sortze prozesuan parte hartu zuen, 1978an. Alderdi horrekin izan zen hautatua Espainiako Kongresurako eta Eusko Legebiltzarrerako. 1989an, atentatua jasan zuen Madrilgo Alcala hotelean, HBko ordezkaritzarekin afaltzen ari zirela. Bertan hil zuten Josu Muguruza, eta Esnaola larri zauritu zuten. 1991n HBren mahai nazionala utzi zuen, eta ordutik politikatik aparte dabil. Elkarrizketaren argitalpena: abuztuak 9.
Fernando Puras: PSNko kidea. Nafarroako Gobernuko Osasun sailburu izan zen 90eko hamarkadan. Nafarroako Parlamentuan PSNren bozeramaile izan zen, eta 2007an Nafarroako presidentetzarako hautagai. Urte hartan bertan dimisioa eman zuen, PSOEren zuzendaritzarekin zituen desadostasunengatik. Elkarrizketaren argitalpena: abuztuak 10.