Ferry batek astean bitan egiten du Bilbo eta Portsmouth arteko bidea, eta bidaia hori baliatzen ahalegintzen dira zenbait migrante Erresuma Batuan sartzeko. Joan den urrian, hori bera egin zuten zazpi etorkin albaniarrek, bi emakume britainiarren laguntzarekin. Emakumeek euren karabanan ezkutatu zituzten iheslariak, eta ondoren itsasontzira igo ziren.
Ibilgailuak arazorik gabe igaro zituen Bilboko portuko segurtasun neurriak, baina ez zuten zorte bera izan Erresuma Batura iritsitakoan. Han mugako poliziak atzeman zituen. Iheslarietako bost logelan zeuden ezkutatuta, eta beste bi, ibilgailuaren goiko aldean. Urriaren 4an gertatu zen.
Orain, epaile batek bost eta sei urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie bi britainiarrei, "Erresuma Batuan egoteko eskubiderik ez duten" pertsonak herrialdean sartzen saiatzea egotzita. Daily Mail egunkariak zabaldu duenez, trafikatzaile batek eskaini zien zazpi albaniarrak herrialdean sartzeko aukera, zor bat kitatzearen truke. Poliziak atzeman zituenean, bi emakumeek argudiatu zuten ez zekitela iheslariak han zeudenik.
Erresuma Batuko Immigrazio Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez, iheslariak osasun egoera txarrean heldu ziren Portsmouthera. Haietako sei Euskal Herrira itzuli dituzte, eta zazpigarrena, adingabea izanik, Erresuma Batuko gizarte zerbitzuen ardurapean geratu da.
Bisarik gabe
Bilboko portu inguruetan bizi diren etorkinetako askok badute baimena Europan ibiltzeko, baina bisa behar dute Erresuma Batuan sartu ahal izateko, eta ia ezinezko zaie hori lortzea.
Frantziako Gobernuak Calaisen zuten kanpalekua desegin zuenetik, gainera, ugaritu egin dira Bilbora jo dutenak, nahiz eta zailtasun ugari gainditu behar izan portura sartu eta ferrya hartu ahal izateko.