John Stanmayer argazkilari estatubatuarrak irabazi du World Press Photo argazki kazetaritzaren sari entzutetsua. Afrikar etorkin batzuk ageri dira argazkian, gauez, sakelakoak zerura begira dituztela. Somaliatik seinalea harrapatzea dute xede, senitartekoekin harremanetan jartzeko. Djibutin aterata dago argazkia. Europa eta Ekialde Hurbilean bizimodu hobe baten bila joaten diren etorkinen geraleku izaten da Djibuti. 'National Geographic' aldizkarian argitaratu zen argazkia, eta gaurkotasuneko gaien arloan lehen saria ere eraman du irudi berak.
Jillian Edelstein epaimahaiko kidearen aburuz, argazkiak istorio askorekin du lotura; teknologia, globalizazioa, immigrazioa, etsipena, alienazioa eta gizateriaren inguruko eztabaida pizten du. "Oso sofistikatua da, eta oso poetikoa. Adierazpen asko dauzka, eta gaur egungo munduan dauden kezka eta larritasun handiko gaiak transmititzen ditu". David Guttenfelder epaimahaikoaren aburuz, irudia botila baten barneko mezu baten parekoa da.
Zortzi arlotan eman dituzte sariak (aro baten erretratua, behatutako erretratuak, gaurkotasuna duten albisteak, irudi garaikideak, albiste orokorrak, natura, kirola eta eguneroko bizitza), eta irabazle suertatu diren argazki guztiekin erakusketa egingo dute apirilean, Amsterdamen. 1955an sortu zen World Pres Photo, eta argazki kazetaritzaren kalitatea bultzatzea du xede.