Sektore publikoa moldatu beharraren ardura EAJri egotzi dio PSEk

2013ko uztailaren 30a
15:46
Entzun

Administrazio publikoko gastua murrizteko plan bat aurkeztu du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta azaldu du, besteak beste, entitate publikoen kopurua urrituta egingo duela hori.

PSEri esplizituki erreferentzia egin gabe, Urkulluk esan du sektore publikoa moldatzeko “proposamen asko” egin direla, baina, “iniziatiba propioz” hori gauzatu duena bere exekutiboa izan dela.

Urkulluren adierazpenek “txundituta” utzi dute PSE. Alderdiaren aburuz, sektore publikoaren birmoldatzea EAJ agintean urtez luzez egotearen ondorioa da: “30 urteren buruan EAJk eraikitako egiturarengatik da”.

PSEren arabera, eurak gobernuan zeudenean “ezer egin ez izana” egotzi die Urkulluk. Horren harira, PSEk gogora ekarri du Jaurlaritzan izan zenean ez zuela “inolako elkarte edo fundazio egiturarik sortu”, “aurkitu eta murriztu” egin zituela.

Eusko Jaurlaritzak sektore publikoari egin nahi dizkion murrizketak analizatuko dituela jakinarazi du PSEk. 

“Murrizketa bidegabeak” garraioan

Eusko Jaurlaritzak garraioan egin dituen murrizketak gaitzetsi situ Gipuzkoako PSEk. Haren aburuz, EAJren gobernuak “soilik murrizketak” proposatzen ditu: “Ez du ekonomia eta garapen iraunkorreko garraioa sustatzeko proposamen berritzailerik egin”.

Eusko Jaurlaritzak hainbat aldaketa egin ditu garraioaren alorrean, eta horiei egin die erreferentzia PSEk prentsa adierazpen batean; “teknologia berriei bideratutako laguntzak %80 txikiagotu”, “garraio sektoreko enpresak nazioartekotzeko laguntzak ezabatu”, eta “errepideetako salgaien garraioa ez ezik, itsaso bidezkoak sustatzeko laguntzak kendu” izana kritikatu du.

Neurriok “estrategia” bati erantzuten diote, Mikel Diez Gipuzkoako PSEko Garraio idazkariaren ustez. Haren iritziz, deitoragarria da “euskal garraiolarien lehiakortasuna, adin txikikoen eta errepideko segurtasuna eta garapen iraunkorreko garraioa hobetzeko programak murriztea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.