HAUTESKUNDEAK BOISEN. DAVE BIETER . BOISEKO ALKATE HAUTATU BERRIA

«Sekula ez da izan Boisen euskal alkaterik, eta sasoia zen»

Imanol Murua Uria.
DONOSTIA
2003ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Amama Lekeitiokoa zuen eta aitita Larrabetzukoa, eta amarengandik jaso zuen euskara, Boise jaioterrian. «Lanpetuta eta nekatuta» egon arren, Berriaren galderei erantzuteko tarte bat hartu zuen hauteskunde egunaren biharamunean, lantoki duen abokatu bulegoan. Euskaraz aritu zen.

Zer moduz, Boiseko alkate?

Ederto! Badakizu erdia baino boto bat gehiago behar duzula bigarren itzulira joan gabe irabazteko, %52 lortu dugu... Eta kito! Uste genuen irabaziko genuela, baina guk uste baino %10 gehiagok eman zuen gure aldeko botoa. Ustekabea izan da hainbateko aldearekin irabaztea.

Zer moduz astearte gauean Euskal Etxeko hauteskunde jaian?

A ze giroa! Jende pila bildu ginen, denok oso pozik eta giro ederrean ospatu genuean. Benetan ederto, oso-oso ondo.

Irabazi zenuela jakin zenuenean, zer esan zenien han bildutako zure jarraitzaile eta laguntzaileei?

Eskerrak eman nizkien. Ia-ia kanpaina perfektua egin dugu. Gure kanpainan parte hartu dutenak lan ikaragarria egin dute. Langile gogorrak izan dira. Sei hilabete gelditu barik.

Zergatik uste duzu lortu duzuela halako arrakasta?

Lan hobea egin dugulako. Besteak baino askoz ere hobeto aritu gara: diru gutxiago genuen, baina jende gehiago.

Beste hauteskundeetan errepublikarren aldeko botoa ematen dutenek oraingoan zuri eman dizutela uste duzu?

Bai, askok. Eta hor Pete Cenarrusak nire alde egin du, eta horrek laguntza handia eman dit.

Euskaldunek ere bai, oro har, ezta?

Sekula ez da izan Boisen euskal alkaterik, eta sasoia zen. Laguntza handia eman didate. Bestalde, Boise eta Gernika senidetutako herriak dira, eta ildo horretan lan gehiago egingo dugu, eta asmoa dut datorren hilean ahal badut Euskal Herrira joateko, Pete Cenarrusarekin eta bion emazteekin. Badira hamar urte ez naizela joan, eta badut gogoa.

Euskal Herriari buruz Idaho Memoriala sustatu zenuen Ordezkarien Ganberan. Alkatetzatik, ezer egiteko asmorik?

Ikusiko dugu. Lehendabizi, noski, herriko lana egin behar dut udaletxean. Eta denborarekin, hitz egingo dugu hango jendearekin, eta ea zer egin daitekeen. Pete [Cenarrussa] erretiratuta dago baina jarraitzen du gai hauekin, eta ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.