Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiaren arabera, Espainiako presidente zenean «sekula» ez zitzaion burutik pasa ETAren aurka «estatu terrorismoa» antolatzea: «Terrorismoa bukatzeko, terroristek baino askoz gehiago hil behar da, estatuaren terrorismo bat egin behar da; eta hori ezin da egin demokrazia batean». Gonzalezek Espainiako La Sexta telebista kateko Salvados programan esan zuen ETAren zuzendaritza «bukatzeko» jaso zuen proposamenari ezezkoa eman ziola 1980ko hamarkadaren amaieran.Adierazi zuenez, «hil arte» zalantza batean biziko da harturiko erabaki harengatik. «ETAren zuzendaritzako kideak hiltzea erabaki izan banu, 200 errugabe gutxiago hilko ziren agian. Baina erabaki nuena erabaki nuen».
Euskal presoen sakabanaketaren inguruan ere mintzatu zen Gonzalez. ETAk armak utzi ondoren, «espetxe politika egoki baten barruan» presoak Euskal Herrira gerturatzearen alde agertu zen. Era berean, Espainiako gobernuburu ohiak uste du «egokiagoa» litzatekeela Logroñoko espetxean (Espainia) dagoen Arnaldo Otegi libre egotea ere. Hala ere, esan zuen hori balorazio politiko bat dela, eta epaileei dagokiela azken erabakia hartzea: «Hasiera batean, epaileek ez lukete balorazio politikorik egin behar, nahiz eta batzuetan egiten duten», adierazi zuen Gonzalezek.
«Sekula ez zitzaidan burutik pasatu estatu terrorismoa bultzatzea»
Felipe Gonzalez euskal presoak gerturatzearen alde agertu da, «espetxe politika egoki baten barruan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu