"Seme-alabak dituztenentzat ez dago baliabiderik"

Maite Asensio Lozano.
2014ko apirilaren 7a
08:09
Entzun

Hezitzaile dihardu Rosario Garcia Hernandez (Cartagena, Kolonbia, 1968) La Posada de los Abrazos elkartean, eta bertatik kanpo ere aski ezaguna da Bilboko mugimendu feministan. Berdintasun Saria probestu nahi du, haiengana jotzen duten emakumeen egoera ikusarazteko.



Nola hartu duzue sariaren albistea?


Guretzat oso garrantzitsua da saria, hamar urtez egindako lana aitortzen duelako. Oso ondo datorkigu Emakunderen gisako erakundeak konturatzea ageriko beharrizan batzuei erantzuten ari gatzaizkiela, eta oso baliabide gutxirekin egiten ari garela aurrera.



Zertan oinarritzen da zuen lana?


Gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei sostengua eman diegu beti, baina denborarekin, emakumeengan zentratu ditugu ahaleginak, baliabide gutxien haiek dauzkatelako: seme-alabak dituztenak, indarkeriaren biktima izandakoak, migratutakoak, babes gutxien dutenak... Batez ere bizitokia ematen diegu, baina, horrekin batera, ahalduntzerako espazio bat eskaintzen diegu, pixkanaka euren egoera uler eta konpon dezaten, eta, euren bizi proiektuen jabe bihurtuta, aurrera atera ditzaten.



Zein beharrizanekin heltzen zaizkizue andrazko horiek?


Une honetan, nabarmendu nahi dugu seme-alabak dituzten andreentzat ez dagoela baliabiderik, ez dutela sostengurako espaziorik. Gainera, dauden baliabide apurrek mugak dituzte, eta emakume asko kanpoan uzten ari dira. Krisiaren ondorioz, gero eta espazio gutxiago daude, baina eskaria gero eta handiagoa da.



Hortaz, zuen proiektua gero eta beharrezkoagoa da...


Bai, baina, zoritxarrez, azken urteetan gure baliabideak ere murriztu behar izan ditugu. Zazpi etxebizitza edukitzera heldu gara, eta orain bi baino ez dauzkagu.



Diru laguntza gutxiago jasotzen al duzue?


Administrazioen diru laguntzak jasotzen ditugu, baina ez dira asko. Bazkideen ekarpenak ere badauzkagu, baita andreen euren baliabideak ere, aurrera ateratzen hasten direnean.



Sariaren dirua etxebizitza gehiago zabaltzeko erabiliko duzue?


Oraindik ez dugu aztertu. Etxebizitza gehiago irekitzea zoragarria litzateke, baina, horretarako, beste baliabide batzuk ere beharko genituzke; orain bost langile baino ez gaude eta.

Zein lan egiten duzue etxeotan?


Emakumeen bizitokiak dira: bertan bizi dira, beste andre batzuekin, normal, ardurak partekatzen dituzte, eta elkar laguntzen dute. Guk orientazioa, hezkuntza eta sostengua ematen diegu, baina sarean egiten dugu lan: emakumeek laguntza psikologikoa jasotzen dute, adibidez, Auzolan moduluaren bidez, eta aholkularitza juridikoa, SOS Arrazakeriaren bidez. Baliabide horien guztien bidez, andreon jabekuntza sustatzen dugu.



Soslai zehatzik ba al dute zuengana jotzen duten emakumeek?


Jatorriari dagokionez, ez, oso errealitate plurala dugulako: hemengo eta hango emakumeak artatzen ditugulako; egun, esaterako, bertako hiru andre ditugu etxeetan. Oro har, babesik eta baliabiderik gabeko emakumeak dira, nola edo hala etxerik gabe geratu direnak, eta indarkeria matxista jasan dutenak. Batzuk bakarrik daude, euren familia egitura amaitu egin delako; gurean hil egin dira bertako emakume batzuk, ez zeukatelako nora jo.



Lau ume ere badaude etxeetan. Lan berezirik egiten al duzue haiekin?


Haurrak normal bizi dira etxeetan. Amek dute seme-alaben hezkuntza prozesua kudeatzeko ahalmena, eta, oro har, emakumeak gai dira hori egiteko.



Emakumeak laguntzeko lan hori egiteagatik jazarpena ere jasan izan duzue: andreen bikotekide ohietako batzuek eraso egin zizueten 2011n. Indarkeria hura apaldu al zen?


Bai. Oso une larria izan zen. Hain justu, bortizkeria hura emakumeekin egindako lanaren ondorio izan zela uste dut: agerian utzi genuen andreok gai direla euren bizitzaren jabe bihurtzeko, eta gizon haiek ez zuten gustuko izan. Baina salatu ostean ez zen beste arazorik egon, mobilizazioak antolatu genituelako eta oso babestuta geundela ikusi zutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.