"Semearengandik dagoeneko ez dut ezer aterako, baina ez dut gerra gehiago nahi ilobentzat". Antonia Manoten hitzak dira, Jon Paredes manot Txikiren amarenak. Harekin izan da BERRIA, Txiki, Otaegi eta Espainiako FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanzen hilketen 40. urteurrenaren harira.
"Bularraldea-eta dena belztuta zuen. "Jon, nola daukazu gorputza?"". Txikiren gaztaroa, haren epaiketa eta tortura eta hamarkadotan jasotako babesa izan ditu gogoan Manotek. Hainbat urtetako babes eza aipatu du, ordea, Mertxe Urtuzaga Otaegi zenaren lehengusinak: "Nahiko baztertuta sentitu gara, orain gutxi biktima bezala onartu duten arte". 2012an onartu zituen Jaurlaritzak Txiki eta Otaegi indarkeriaren biktima gisa.
Franco hil aurreko azken exekuzio ofizialak izan ziren. Miguel Castells Txikiren abokatua izan zen beste kausa batean, eta harekin ere hitz egin du BERRIA. Baita Manuel Blanco Chiviterekin ere; FRAPeko kidea zen, Otaegiren eta FRAPeko kideen kausa berean, heriotza zigorra ezarri zioten; fusilatua izan baino ordu batzuk lehenago ordezkatu zioten heriotza zigorra 30 urteko espetxealdiarengatik.