Altzari baten gainera igota, objektu bat hartzen saiatzen ari zela, erori eta labana sabelaldean sartu zuela; alegia, semea istripuz hil zela. Hori deklaratu du abenduaren 1ean Donostian hilik aurkitu zuten 13 urteko gaztearen aitak. Atzo goizean epailearen aurrean deklaratu zuen; eta epaileak behin-behinean aske utzi du, bermerik eskatu gabe. Astean bi egunez joan beharko du auzitegira, sinatzera.
Aitaren deklarazioa ez dator bat Ertzaintzak orain artean zabaldu duen hipotesiarekin; gazteak bere buruaz beste egin zuela esan izan du Ertzaintzak. Gaztearen gorpuak, gainera, indarkeria arrastoak zituela esan zuen Ertzaintzak. Gaztea hilda aurkitu zuten Antigua auzoko etxeko gelan odol arrastoak zeuden, baina baita ate bateko heldulekuan eta garajean ere.
Ertzaintzak hala uste zuen, eta aitak berretsi egin du: semea hil zen momentuan bera ere etxe hartan zen. Aitak ertzainei onartu die datu hori, eta baita etxetik alde egin zuela ere inori abisurik eman gabe, ez larrialdi zerbitzuei ez beste inori. Horregatik, laguntza emateko betebeharrari uko egin izanaren delitua egozten dio Ertzaintzak aitari.
Abenduaren 1ean aurkitu zuten gaztea hilda, Donostiako Antigua auzoko Logroño kalean; senide batek aurkitu zuen, eta poliziak segidan hasi ziren aitaren bila, desagerturik baitzegoen. Gizona bilatzeko lanek astebete iraun dute; itsasertzean ere aritu ziren haren bila, aitak bere burua uretara bota zezakeelakoan.
Asteazken iluntzean amaren etxera itzuli zela jakin zuten ertzainek —desagertu aurretik ere bertan bizitzen ari zen gizona, bikotekidearengandik bereizteko prozesuan baitzegoen—. Ertzainek jakin zutelarik, etxe horretara agertu ziren, eta gizona atxilotu zuten. Ertzaintzak herenegun iluntzean eman zuen atxiloketaren berri, eta gizonak atzo goizean deklaratu zuen epailearen aurrean. Aste honetan non egon den ere argitu du: Igeldo eta Usurbil arteko (Gipuzkoa) borda batean ezkutatuta egon dela jakinarazi du.
Semeak labana istripuz sartu zuela deklaratu du aitak, eta epaileak aske utzi du
Aitak epaileari aitortu dio 13 urteko gaztea hil zen lekutik alde egin zuela, inori abisurik eman gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu