Senda agiria jaso du ustez beste nerabe batzuek larri zauritu zuten 15 urteko neskak

Otsailaren 10ean eman zioten jipoia: burdin barra batekin jo zuten eta ilea erre zioten. Begian ebakuntza egin behar izan diote, eta gaur goizean atera da erietxetik.

2008ko otsailaren 20a
13:52
Entzun
Ustez beste nerabe batzuek emandako jipoiaren ondorioz, Donostiako Ospitalean zauri larriekin ingresatuta egon da gaur goizera arte 15 urteko Ermuko (Bizkaia) neska bat. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu du neskaren gurasoek erasoa salatu dutela, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dela; epaileak sumarioa isilpean dauka.

Hala ere, zenbait egunkarik erasoari buruzko hainbat xehetasun eman dituzte gaur, gurasoek emandako azalpenetan oinarrituta. Gurasoen arabera, otsailaren 10ean eraso zitoen beren alabari, Ongarai auzoko ikastetxe bateko jolastokian. Azaldu dutenez, beste nerabe batzuek izan ziren erasoaren egileak, eta jipoi gogorra eman zioten neskari: burdinezko barra batekin jo zuten, ilea erre zioten, motor batekin harrapatu zuten, eta txiza egin zioten gainera. Gurasoek diotenez, lekukoen aurrean egin zuten, eta mutil bakar batek aurre egin zien erasotzaileei. Hari ere eraso egin zioten.

Jipoia amaitu zenean, neskatoa bakarrik joan zen etxera, ahotik, belarrietatik eta sudurretik odola zeriola, bizkarrean kolpe handiekin, eta begi batean zauri larriekin. Ermuko osasun zentrora eraman zuten gurasoek, eta handik Donostiako Ospitalera bidali zuten. Ezkerreko begia eta aurpegia bere onera ekartzeko ebakuntza handia egin behar izan diote. Gaur goizean jaso du senda agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.