EZBEHARRA

Senda-agiria jaso ostean, inputatu gisa deklaratu beharko du Galiziako trenaren gidariak

Homizidio arduragabeagatik inputatu dute. Adif eta Renfek hari egozten diote errua, baina Makinistak plataforma sortu da, haren alde.

2013ko uztailaren 27a
20:51
Entzun

Inputatu gisa deklaratu beharko du Galizian asteazkenean istripua izan zuen trenaren gidariak. Homizidio arduragabeagatik inputatu dute gidaria: senda-agiria jasoa du, eta istripu izan eta 72 ordu iragan baino lehen —bihar arratsaldea baino lehen—, epaileen esku utziko dute. Atzo uko egin zion deklaratzeari, eta Galiziako osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, uko egin dio babes psikologikoari ere. Torax-traumatismoa du tren gidariak.

Adifek eta Renfekgidariari egotzi diote istripuaren errua, baina haren aldeko plataforma bat sortu da —Makinistak—, eta dagoeneko gidariaren aldeko 22.000 sinadura lortu ditu. "Frogarik gabe" eta "ikerketak istripuaren kausak argitu baino lehen" kondenatua izan ez dadin eskatu du plataforma horrek, "oso erraza baita makinistak kondenatzea eta kriminalizatzea". Webgunean adierazi duenez, "nahiz eta istripuak eragindako 78 hildakoek oinaze izugarria eragin, ezin da utzi trena gidatzen zuen makinista deabrutu dezaten".

Garraiobide publikoaren sustapenerako elkarteak, berriz, ez du ontzat jo giza hutsegitearen argudioa. "Errua giza faktoreei egozten zaien momentuan, etorkizunean izan daitezkeen antzeko arazoen irtenbideetatik urruntzen ari gara", azaldu du Ricard Oriol GBSko presidenteak. "Giza hutsegitea beti existituko da, eta horretarako daude bide seinale eta blokeo sistemak. Goi zerbitzuko tren lineetan segurtasun sistemak gidaiaren balizko akatsetik babestu beharko gintuzke", gaineratu du.      

Hatz guztiak, gidariari zuzenduta

Espainiako Barne ministroak uste du "zantzu garbiak" daudela pentsatzeko Santiagon errailetatik atera zen Alvia trenaren gidaria istripuaren erantzule dela, eta justifikatu egin du bere atxiloketa. Makinistari gaur eman diote senda-agiria, eta erietxetik atera bezain laster komisariara eraman du poliziak, arduragabekeriazko homizidioagatik inputatuta. Ana Pastor Sustapen ministroak esan duenez, Espainiako burdinbide sistemak "Espainiako eta Europako legediaren segurtasun neurri guztiak betetzen ditu", eta ikerketak determinatu beharko du "neurri horiek guztiak" bete ote ziren edo ez.

Guztira, 71 pertsona daude oraindik erietxean. Horietatik 31 larri daude (28 heldu eta hiru haur dira). Datozen orduetan gora egin dezake hildakoen kopuruak.

Ekitaldi zibila hildakoen omenez

Alberto Nuñez Feijoo Xuntako lehendakariak jakinarazi duenez, alderdi politiko guztiekin hitz egingo du, "guztiz zibila" izango den ekitaldia nola egin adosteko. Astelehen arratsaldean egingo dute "hileta ofiziala", eta horren ostean hasiko da Galiziako legebiltzarrean ordezkaritza duten gainontzeko taldeekin hitz egiten. Istripuan bertan eta hurrengo egunetan lanean aritu diren profesionalen lana goraipatu du Nuñez Feijook: bereziki, "osasun zerbitzuek lanerako gaitasun bikaina" erakutsi duela baieztatu du.

Hildakoei dagokienez, identifikatuak dituzte 78 hildakoen gorpuak. Horrez gain, biktimek gaurtik astelehenera bitartean istripuaren lekutik berreskuratutako objektuak berreskuratzeko aukera izango dute, Rosalia de Castro kiroldegian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.