UNIBERTSITATEA

Seneca mugikortasun beken deialdia bertan behera utzi du Madrilek

2013-14ko ikasturterako beketarako izen ematea hastear zela eman du erabakiaren berri. Argudiatu du beka orokorrak lehenetsi behar dituela gobernuak, eta Senecarako dirua jarriko duela beka horiek pagatzeko.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urtarrilaren 28a
13:45
Entzun

Hego Euskal Herriko ikasleek ez dute datorren ikasturtean Seneca bekarik jasoko. Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako unibertsitateetan ikasturte bat egiteko laguntza ematen zuen Espainiako Gobernuak, baina datorren urterako deialdia bertan behera uztea erabaki du.

Hezkuntza Ministerioko iturriek BERRIAri baieztatu diote mozketekin zerikusia duela erabakiak; argudiatu dute beka orokorrak lehenetsi behar dituela gobernuak, eta, horrenbestez, mugikortasun programarako dirua erabiliko dutela beka horiek ordaintzeko. Nabarmendu dute gero eta eskari gehiago ari direla izaten bekak, gero eta gehiagok betetzen dituztela horiek jasotzeko baldintzak, eta, beraz, "nonbaitetik" moztu behar dutela.

Ministerioaren arabera, 2013-14ko ikasturteari soilik eragingo dio neurriak oraingoz. Alegia, "atzerapen bat" izango da. Gaineratu dute Erasmus beketan ez duela eraginik izango neurri horrek, eta normal jarraituko duela funtzionatzen.

Hegoaldeko unibertsitateak jada hasi dira PPren gobernuaren erabakiaren berri ematen ikasleei. Hain zuzen ere, hastear zen izena emateko epea; EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, adibidez, datorren astelehenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.