Alakrana Bermeoko atunontziko (Bizkaia) arrantzaleen senideek esan dute esan beharrekoa -batik bat, azkeneko egunetan-, eta jakinarazi dute ez dutela adierazpenik gehiago egingo. Iñaki Azkuna Bilboko alkatearekin gaur ordu erdiz batzartu ostean eman dute neurriaren berri -arrantzaleetako bat Bilbon bizi da: Pedro Ortun-. "Errespetu handia eskatzen dugu orain, hemendik aurrera ez dugulako gehiago hitz egingo. Guk egin dugu geure lana, eta espero dugu [hedabideok] ulertuko duzuela gutako bakoitzak bere tokian eta lantokian egon behar duela", esan dute, Bizkaiko hiriburuan bertan.
Bahitutako marinelen senideak Madrilen izan ziren atzo. Angel Juanes Espainiako Auzitegi Nazionaleko presidentearekin bildu ziren 13:00-13:30ak artean, eta 17:00etatik aurrera Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin, Moncloa jauregian -Elena Espinosa Arrantza ministroa ere han izan zen-. Juanesi eta Zapaterori eskaera zehatz bat egin zieten: Espainiak kartzelan dituen ustezko bi bahitzaile somaliarrak Somaliara itzultzeko eskaera, hartara ontziaren bahiketa bukatzeko pauso handia emango delakoan. Bahitzaileek behintzat, baldintza hori jarria dute, bi pirata presoak askatzeko.
Gaur 41 egun bahitu zuten Alakrana -urriaren 2an-, Indiako Ozeanoan, Somaliatik 400 bat miliara. 36 lagunek osatzen dute tripulazioa -zazpi, euskal herritarrak dira-.
alakrana auzia
Senideek esan eta egin dute esan eta egin beharrekoa
'Alakrana' Bermeoko bahitutako atunontziko arrantzaleen senideek Bilboko alkatearekin batu dira gaur, eta hemendik aurrera ez dute adierazpenik gehiago egingo. "Guk egin dugu geure lana".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu