Senideek hilean 1.350 euro ordaindu behar dute preso bat bisitatzeko

Etxerat-ek dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko du, «sakabanaketak dakarren odoluste ekonomikoari» aurre egin ahal izateko

EIDER GOENAGA - DONOSTIA
2003ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Sakabanaketa politikak dakarren «odoluste ekonomikoa» salatu zuen atzo Etxerat elkarteak. Hilabetean 1.350 euro ordaindu behar dituzte preso baten senideek, batez beste, legeak uzten duen bisita kopurua betetzeko; eta kontuan hartu behar da 16 urte direla jada sakabanaketa abian jarri zutenetik. Espainia eta Frantziako estatuetako presoen senide eta lagunek egiten dituzten bidaiak kontuan hartuta egin du Etxerat-ek kalkulua, baina beste zazpi preso are urrutiago daude; bana Ingalaterran, Holandan, Alemanian, Argentinan eta Mexikon eta bi Quebec-en.

Espainia eta Frantziako estatuetan dauden euskal presoen senide eta lagunek dagozkien bisita guztiak egingo balituzte Etxerat-ek salatu baitu ekonomikoki ezinezkoa zaiela, urtean 10.291.915 euro utziko lituzkete guztien artean, bisitak egiteko galdu beharreko lan egun eta orduak kontuan hartu gabe.

Etxerat-eko kide Javier Vitoriak, gainera, gogorarazi zuen hori ez dela urte batean bakarrik gertatzen: «Luzera begirako estrategia bat da; 16 urte daramatzagu horrela eta, espetxe zigorren luzapenarekin, are larriagoa izango da egoera. Eta dagoeneko gutako batzuk ozta-ozta bizi gara ».

Bestalde, Vitoriak hainbat espetxetan bisita kopurua murrizten ari direla ere ekarri zuen gogora, Soto del Realeko (Madril) kasua aipatuta. «Soilik hamar lagunen bisita jaso dezakete, eta horrek gertuko familiaren bizkar gainean uzten du bisitak egiteko karga guztia, bai ekonomikoa eta bai bestelakoa», adierazi zuen, gogoratuz senideen lehentasuna presoa bisitarik gabe ez gelditzeko konpromisoari eustea dela.

Hala ere, hori gero eta zailagoa dela onartu zuen, 16 urteren ondoren hainbat presoren gurasoak adinean aurrera egiten ari direlako eta «ekonomikoki ez ezik fisikoki ere askok ezinezkoa dutelako» bisitan joatea.

Sakabanaketaren beste ondorioen artean,bestetik, istripuak izateko arriskua nabarmendu zuen Vitoriak. Izan ere, sakabanaketaren 16 urteetan 13 senide hil dira errepidean eta istripuak ehunka izan dira. Aurtengo datuak «beldurgarritzat» jo zituen Vitoriak: «Bi senide hil dira errepidean, eta beste pertsona bat ere zendu da, senideek izandako istripu baten ondorioz. Istripu kopuruari begiratuta, hilean hiru istripu izan dituzte senide eta lagunek aurten».>

«Ezin da bete komunikazio eskubidea»

Hala, «preso guztiei dagokien eta Euskal Herrian daudenekin posible den komunikazio eskubidea betetzea» ezinezkoa dela salatu zuen Vitoriak: «Eta ezintasun horrek praktikan ekartzen du presoak bakartzera kondenatzen ditugula eta bere ingurukoekin harremanak haustera».

Hala, Espainiako eta Frantziako estatuek duten «sakabanaketa politikoari aurre egin» beharra nabarmendu zuen Etxerat-eko kide Bea Aldalurrek, eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapenari eutsi behar zaiola.

Horrekin batera, aldarrikapen hori bere egin duten baina praktikan «ezer egin ez duten arduradun politiko eta erakundeei» dei egin zien Etxerat-ek. «Sakabanaketak irauten duen bitartean, legez kanpokoa den estrategia horrek dakartzan ondorio ekonomikoei aurre egiten laguntzeko exijitzen diegu bai Eusko Legebiltzarrari, bai Jaurlaritzari, bai udalei».

Baina presoen senideak ez dira horren zain geldituko, eta herriz herriko dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute, Zuen laguntza, gure konpromisoa >lelotzat hartuta. Izan ere, presoen senideek duten ardura eta konpromisoari «tinko eutsiko» diotela adierazi zuen Aldalurrek: «Ezin dugu guztiarekin. Gure etxekoak dira, baina euren bizi-baldintzen eta eskubideen arazoa gizarte osoarena da. Guk ez diogu uko egingo gure erantzukizunari, baina presoen eskubideen aldeko defentsa ez da euren etxekoena, herritar guztiona baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.