UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

Senper prest dago Gipuzkoako PPko zuzendaritza uzteko

Udal bozetarako Miren Albistur aurkeztuko du PPk zerrendaburu Donostian, orain arte taldeko buru Ramon Gomez baztertuta. Euskal Autonomia Erkidegoko PPko zuzendaritzarena da erabakia, eta Senperren haserrea eragin du.

Borja Senper, Arantza Quiroga eta Nerea Llanos, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko otsailaren 12a
14:55
Entzun

Eztabaida eragiten ari da PPn udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko dituen hautagaien aukeraketa. Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiak gaur jakinarazi duenez, Luis Egiluz izango da PPko zerrendaburu Bilbon, eta Miren Albistur Donostian. Maroto izango da orain ere Gasteizko hautagaia. Llanosen esanetan, hautagai "ausarten" aldeko apustua egin du alderdiak, "herritarren benetako arazoak antzeman eta konpontzeko gai" direnak.

Donostiako zerrendaburua aukeratzeak eragin du tirabira. Ramon Gomez izan da agintaldi honetan PPko Donostiako udal taldeko buru, eta hura berriro aurkeztea babestu zuen Borja Senper PPko Gipuzkoako idazkari nagusiak.

Llanosek aitortu du "desadostasunak" izan dituztela Gomezen hautagaitzaren inguruan, eta azaldu EAEko zuzendaritzak "epaile" lana egin duela "onartu behar duenak, batzorde nazionalak, onartzeko moduko zerrenda bat adosteko". Llanosen esanetan, Albisturren izendapenaren berri eman diote Senperri, eta ados azaldu da hura.

Senperren haserrea

Bestelako bertsioa azaldu du Senperrek, eta prest azaldu da bere kargua EAEko zuzendaritzaren esku uzteko, Efek Senperren gertuko iturriak aipatuta zabaldu duenez. Informazio horren arabera, PPko Gipuzkoako hauteskunde batzordeak Gomez babestu zuen hautagai gisa, Gipuzkoako zuzendaritzaren oniritziarekin.

Hortaz, Senper ez dator bat Gomez bazter uzteko erabakiarekin, eta "gezurra" da horri oniritzia eman diola, Llanosek esandakoaren kontra: "PPren egungo zuzendaritza, Araban ez ezik, Gipuzkoan ere urrundu da alderditik". Iturri horien arabera, Albistur izendatzeko hautua Quirogaren "aldebakarreko erabakia" izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.