EAEko Auzitegi Nagusiak eman du epaia, eta hari men egitea dagokio orain Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari, eta, zehazki, Rodolfo Ares sailburuari. Horixe azpimarratu du Hondarribiko Jaizkibel konpainiak, iazko alardean haien ibilbidea eta ordua aldatu izana «bidegabetzat eta arbitrariotzat» jo duen sententziari buruz.
«Epaiak argi uzten du arrazoia gurea zela; ez, ordea, Ertzaintzarena edo Hondarribiko Udaltzaingoarena». Jaizkibel konpainiak berak aurkeztu zuen helegitea Eusko Jaurlaritzak ibilbidea aldatzeko hartutako erabakiaren aurka. «Epaileek ontzat jo dute helegite hori, baina horrek ez du Herrizaingo Sailaren erabakiak Jaizkibel konpainiari egindako kaltea kentzen. Kaltea egina dago», esan dute prentsa ohar baten bidez.
Iazko abuztuaren 25ean agindu zuen Herrizaingo Sailak Jaizkibel emakumeak soldadu gisa onartzen dituen konpainiaren desfile ordua eta ibilbidea aldatzeko. Erabaki hori zuritzeko, «segurtasun arazo handiak» zirela esan zuen Aresek joan den urriaren 4an egindako agerraldian.
Adierazi zuen gatazkak «etengabeak» izan direla. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren txosten banatan oinarritu zuen erabaki hori Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Auztiegiak orain esan du, ordea, txostenak ez daudela behar bezala argudiatuta.
Epaian ageri denez, Ertzaintzak ez zuen azaldu zergatik aldatu behar zen alardearen ibilbidea. Sententziak, beraz, erabakia «modu arbitrarioan» hartu zela dio.
Eskubideak babestu
«Epaiak onartzen du Ertzaintzak hartutako erabakia arbitrarioa izan zela. Eta ondorioztatzen du, halaber, arriskua ez dugula guk sortzen, zenbait ikuslek baizik», esan dute Jaizkibel konpainiako kideek. «Arriskua guk sortzen ez dugunez, guk ez dugu segurtasun neurririk behar. Neurri horiek, hain zuzen ere, aterki edo plastiko beltzak zabaltzen dituzten horiek behar dituzte», gaineratu dute alarde parekide kideek.
Jaizkibel konpainiako arduradunek argi utzi dute aurtengo alardean horixe espero dutela: «Ertzaintzak eta Hondarribiko Udaltzaingoak babes ditzatela gure eskubideak, epaileek agindu duten bezala».
Sententzia bete dezala eskatu dio Jaizkibelek Aresi
EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia ontzat jo du konpainia parekideak, baina kaltea egina dagoela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu