Eskaerak arrazoitzeko eguna zuten gaurkoa akusazioak eta fiskaltzak, atzo jakinarazi baitzuten bi aldeek, epaiketan entzundakoak entzunda ere, eutsi egingo dietela hasierako eskaerei. Akusazioak uste du "zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa" izan zela Cabacasena, eta launa urteko espetxe zigorra eta seina urteko inhabilitazioa eskatu du akusatutako ertzainentzat. Fiskalak, aldiz, ez du deliturik ikusi Cabacasen hilketan, eta absoluzioa eskatu du. Defentsa abokatuek ere absoluzioa galdegin dute. Adierazi dute ezin dela frogatu beraien bezeroek Cabacasen heriotzan ardurarik izan zutenik.
Cabacas Lizeranzu sendiaren abokatu Jone Goirizelaia izan da aurrena ondorioak aurkezten. Epaiketaren zati gehienean ez bezala, gainera, bertan izan dira gaur akusatutako ertzain guztiak. Bi ordu eta erdiz baino gehiagoz aritu da Goirizelaia ondorioak aurkezten, eta, besteak beste, salatu du "arduragabekeriaz" aritu dela defentsa ikerketan, Ertzaintzan ez dela barne ikerketarik egin, eta kalte materialen daturik ere ez dutela aurkeztu, nahiz eta "istiluak" aipatu Maria Diaz de Haro plazatxoan oldartzeko argudio gisa.
#Cabacas epaiketan ikusitakoa ikusita, ez dela deliturik egon esatea, poliziek nahi dutena egin dezaketela esatea litzateke, Goirizelaiaren esanetan @ berria
— Aitziber Laskibar (@alaskibar) 2018(e)ko azaroaren 9(a)
Akusazioaren esanetan, epaiketan argi geratu da jai giroa zela nagusi Athleticen partidaren ostean, eta, beraz, ez zela oldartzeko motiborik. Eta hala ere, oldartu egin zela Ertzaintza. "Iñigo ez zen inongo istilutan parte hartzen ari", esan du Goirizelaiak: "Hemen gertatu dena da batzuek tiro egiteko agindu zutela, eta besteek tiro egin zutela".
Atsedenaldiaren ondoren, fiskalaren txanda izan da. Haren esanetan, ezinezkoa da Cabacasen heriotzaren ardurak argitzea, eta, ondorioz, akusatuen absoluzioa eskatu du. Fiskalak nabarmendu du "kontraesanak" daudela kalezuloan egon zirenen eta hainabt ertzainen arteko lekukotzan. Ez die sinesgarritasunik aitortu besoak altxata egonik ertzainen erasoa jasan zutela adierazi dutenei, ezta soilik lau pilota jaurti zituztela ziurtatu duten ertzainei ere. Fiskalaren arabera, auzitegi adituaren txostenak ez du baieztatu Cabacas hil zuen pilotakada zuzenean jaurti zenik, "perpendikularrean" jaurti zela baizik. Horrez gain, frobatutzat jo du ertzainek ez zutela Cabacas hiltzeko asmorik eta "proportzionaltasunez" jardun zutela.
Akusatuen abokatuek aurkeztu dituzte ondorioak fiskalaren azalpenen ostean. Juan Jose de Pablo ofizialaren abokatuak hartu du hitza lehenik. Haren esanetan, "ez da deliturik egon, baina bai pekatua". Azaldu duenez, Ertzaintzaren protokoloak desberdinak ziren egun dituenekin alderatuta, eta orduan agenteek ez zekiten gomazko pilotak hilgarriak izan zitezkeenik. Ertzaintzaren jarrera "ezjakintasunaren" ondorio izan zela adierazi du. Bestalde, Ugartekok emandako agindua nabarmendu du eta hark herriko tabernan sartzeko zuen erabakimena. Absoluzioa eskatu du De Pablorentzat.
Tomas Gonzalez Corral ofizialordearen abokatuak ere absoluzioa eskatu du bere bezeroarentzat. Haren esanetan, Gonzalez Corralek eman zuen agindua "taktikoa" izan zen. Ertzaintzaren oldarraldia araudian oinarritutakoa izan zela ziurtatu du, gertakarien tokian izan ziren "liskarrak" direla eta. "Muturreko indarkeria" izan zen, abokatuaren iritziz.
Gainontzeko lau ertzain akusatuen abokatuak ere absoluzioa defendatu du. Argudiatu denez, ezin da zehaztu Cabacas hil zuen pilotakadaren egilea nor izan zen. Abokatuak nabarmendu du Kepa Muriel Cano ofizialordearen agindua "neurritsua" izan zela, ingurua "gudu zelaia" zelako. Abokatuak ziurtatu du bere bezero diren gainerako hiru ertzainak ez zirela tiro egin zuten bakarrak izan. Ertzain batzuek adierazpen "faltsuak" egin dituztela salatu du.
2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek zauritu zuen Iñigo Cabacas Lizeranzu, eta bost egun geroago hil zen.
Babesa eta justizia eskea
Epaiketa osoan zehar egon da presente "justizia" egiteko eskaera. Lehen egunetik, elkarretaratzeak egin dituzte auzitegiaren kanpoaldean, Cabacasen guraso eta lagunei babesa adierazteko. Atzo, berriz, manifestazioa egin zuten Bilbon, gaurtik aurrera hel daitekeen sententziari "adi egoteko" eskatu zuten senideek: "Badakigu zaila dela tentsioari eustea, eta horrekin jokatu dute denbora honetan guztian. Abagunea heltzen denean emaitza egokia ez bada behar den moduan erantzuteko".