EPPK-k goizean jakinarazi du Sevilla II espetxean dauden euskal presoek bertan behera utzi dutela duela hilabete hasitako gose greba, osasun arazoak direla medio. Agerraldia egin dute gero preso horien senide eta lagunek, eta herritarrei eskatu diete presoen egoera salatzeko lekukoa har dezaten.
Bilbon egin dute agerraldia, eta Eider Meñikak eta Amagoia Santa Colomak hartu dute hitza. Haiekin batera izan dira Sevillan preso daudenetako biren senideak; Manu Agirre Iker Agirreren aita, eta Amaia Fernandez Urtzi Paulen bikotekidea.
Azaldu dute presoek osasun arazoengatik utzi dutela baraualdia, ez baitute aurrerapausorik ikusi espetxeko zuzendaritzaren aldetik. Hala ere, nabarmendu dute protestak balio izan duela presoen egoera ezagutarazteko, eta kalera nahiz erakundeetara iritsi dela Sevillako euskal presoen egoeraren kexa.
Oroitarazi dute, besteak beste, presoek ezin dutela espetxeko jardueretan parte hartu, miaketa asko egiten dizkietela eta miaketa horiek bortitzak direla. Gose greba amaituta, herritarrei eskatu diete defenda ditzatela presoen eskubideak, eta iragarri dute mobilizazio bat antolatu dutela datorren larunbaterako; 17:30ean jarri dute hitzordua Bilboko Plaza Eliptikoan.
Halaber, Sevillako kartzelan dauden euskal presoen eskubideak errespatzeko eskatuz manifestazio bat egingo dute igandean Donostian. Bulebarretik abiatuko da mobilizazioa 12.30ean.