INDARKERIA MATXISTA

Sexu delituak egotzita, espetxeratu egin dituzte Iruñean atxilotutako bost gazteak

Epaileak indarkeriaz eginiko lapurreta ere egotzi die, 19 urteko andrearen telefonoa eurekin eramateagatik. 30 urtetik beherakoak dira bost gazteak, eta bideoz grabatu zuten gertatutakoa.

Udaltzaingoaren ibilgailuetan heldu dira atxilotuak epaitegira. JESUS
2016ko uztailaren 9a
07:38
Entzun

Sexu delituak eta indarkeriaz eginiko lapurreta egotzi, eta epaileak kartzelara bidali ditu Iruñean 19 urteko andre bat bortxatzeagatik atxilotutako bost gazteak. Agindu du komunikatuta baina diruzko bermerik gabe espetxeratzeko. Fiskalak eta akusazio partikularrak eskatu dute atxilotuak espetxeratzeko, eta arrazoia eman die epaileak.

Atxilotuek epailearen aurrean ez deklaratzea erabaki dute, baina hark ebatzi du "nahikoa froga" badirela bostak espetxeratzeko. Auzitegiko iturriek jakinarazi dute ez dutela autoa publiko egingo, horrek biktimari kalte gehiago eragingo liokeelakoan.

Prentsa ohar bat igorri du, ordea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Hartan zehaztu du Gaztelu plazan bat egin zutela bost gizonek eta andreak, osteguneko goizaldeko hiruretan. Andrea lotan zegoen autora lagundu behar zuten gizonek, ustez. Bidean, Paulino Caballero kaletik zihoazenean, bosgarren atarian sartu zuten andrea, indarka, "eskumuturretatik helduta".

Gizonak beren "nagusitasun fisikoaz" baliatu zirela, eta andrea behin baino gehiagotan bortxatu zutela adierazi du auzitegiak oharrean, "gertaerak grabatzen zituzten bitartean". Ondoren, gerriko poltsatik eskuko telefonoa lapurtu, eta, bere gertukoekin harremanetan jartzeko modua oztopatuta, emakumea han utzi eta alde egin zuten. Emakumea Nafarroako Ospitale Gunean artatu behar izan zuten, eta salaketa jarri zuen berehala.

Epaileak adierazi du andrearen kontakizuna "oso argia" dela, eta gizonak errudun jotzeko froga argiak daudela uste duela. Bideo grabazioa eskuratu duela, eta bortxaketetan bostek "kolektiboki" parte hartu zutela agerikoa dela erantsi du. Oso larritzat jo ditu gertaerka eta akusatuen jokabideak.

Joseba Asiron hiriko alkateak txalotu egin du biktimaren "ausardia", eta eskerrak eman dizkio salaketa jartzeagatik, erasotzaileak berehala atxilotzea ahalbidetu zuelako. Gainera, emakumearen familiarekin bilera bat egitekoa da; udalak etxe bat eskaini dio sendiari —Madrilgoa da berez—, prozesuak aurrera egiten duen bitartean aterpea izan dezan. Era berean, indarkeria matxista "onartezina eta barkaezina" dela berretsi du Asironek, eta, sexu erasoen aurka aurrez egindako lana egokia dela aipatu badu ere, "erasoak berak balantze negatiboa" egitea dakarrela esan du.

Indarkeria sexista gehiago

Sanferminetako lehen egunean gertatutako bortxaketa ez da festetan izan den eraso bakarra. Ostegunean, Foruzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen bere bikotekideari eraso egitea leporatuta. Andrearen laguntza eskaerak entzundakoan, zenbait bizilagunek herritarren arreta zerbitzura deitu zuten. Erasotako emakumeak indarkeria zantzuak zituen bular aldean.

Gasteizen ere, udaltzainek beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizaldean, genero indarkeria egotzita. Emazteari eraso zion etxean, bikotearen haurrak aurrean zeudela. Lekuko batek eman zuen erasoaren berri. Biktimaren arabera, ez da izan gizonezkoak jo duen lehen aldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.