Eldiario.es atariak argitaratu duen informazioaren arabera, Ignacio Allende Torbe porno zuzendari bizkaitarraren auzian nahastuta legoke Iker Muniain Athleticeko jokalari nafarra. Hedabideak zabaldu duenez, ikerketan deklaratu duen babestutako lekuko batek Poliziari azaldu dio Iker Muniainekin sexu harremanak izatera behartu zutela.
Apirilaren 25ean atxilotu zuten Allende, adingabe ugariren aurkako sexu erasoen inguruko ikerketa bati lotuta. Ikerketa horretan, babestutako lekuko baten testigantza jaso du Espainiako Poliziak. Azaldu duenez, 2012an Madrilgo hotel batean egin zioten eraso; Allendek hotel horretara eraman zuen, eta beste emakume batekin batera, bi futbol jokalarirekin harreman sexualak izan behar zituztela ohartarazi. Uko egin zion lekukoak, eta orduan, Allendek besotik heldu zuen, ohartaraziz jokalariek nahi zuten guztia egin behar zutela.
Sexu harremanei uko eginez gero, eraso fisikoak egin zizkietela azaldu zion biktimak Poliziari. Sexu erasoaren ondoren, mehatxatu egin zituzten biktimak, gertatutakoa publiko egin ez zedin. Biktimak Iker Muniain eta Manchester United taldeko atezain David De Gea identifikatu zuen erasotzaile gisa Poliziaren aurrean.
Horrez gain, telefono entzuketa batzuk jaso ditu Poliziak ikerketan. Horietan, identifikatu ez duten pertsona batek Allenderi galdetu zion Athleticeko jokalariekin izandako kontaktuez. Hark erantzun zion Bilboko taldeko bi jokalarik "festa batean" parte hartu zutela. Ez Poliziak ezta epaileak ere ez ditu jokalariak deklaratzera deitu.
Sare sozialetan zabaldu du oharra Muniainek: argitaratu dena gezurra dela esan du, eta jakinarazi abokatu bat kontratatuko duela bere ohorea defendatzeko. Halaber, espero du zaleek harengan konfiantza izatea. Athleticek BERRIAri azaldu dio klubak ez duela ezer esateko asmorik eta auzitegiek argitu beharreko kontua dela.
Comunicado de Iker Muniain: pic.twitter.com/z9SBlCQCPW
— Iker Muniain (@IkerMuniain19) 2016(e)ko ekainak 10