Aste Nagusiko jaien erdian, Bilboko San Anton zubi inguruan, sexu erasoa egin diotela salatu du emakume batek. Ostegun goizaldean gertatu zen erasoa, 03:00 aldera.
Ertzaintzak baieztatu du salaketa jarri zuela emakumeak; Erriberako Merkatuaren inguruan gertatu zela, eta kasua ikertzen ari dela azaldu du, baina ez dagoela berririk oraingoz.
Beste sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea egin dute, hain justu, gaur iluntzean, Deban (Gipuzkoa). Udalak jakinarazi du Santiagorako bidea egiten ari zen erromes bati egin ziotela sexu erasoa, abuztuaren 12an, Itziartik Debarako bidean. Debako Udaleko talde politikoek aho batez adierazi dute «gaitzespenik zorrotzena». Iluntzean elkarretaratzea egin dute.
Bestalde, 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, herenegun, Gasteizen. Emaztea jo zuela uste dute poliziek, eta genero indarkeria delitu bat egotzi diote.