Nerea Martin Fernandez Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saileko ikertzaileak sexu erasoak izan ohi diren lekuen ezaugarriak aztertu ditu, baita erasotzailearen jokabidean eragin dezaketen alderdiak ere, egoerari eta inguruari lotuta.
"Gizartean alarma handiena sortzen duten delituetako bat da sexu erasoa, eta bereziki larritzat jotzen da biktimari eragiten dizkion ondorio fisiko eta psikikoengatik; eremu publikoa erabiltzeko beldurra eta askatasun falta ere izaten dituzte emakumeek", EHUk adierazi duenez. Lanaren helburua izan da, Martinek azaldu bezala, "sakonago jakitea zer eragin duten inguruneko faktoreek sexu erasoaren jokabidean". Horretarako, delitu hori dela-eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako probintzia auzitegietan bildutako zigor epai irmoak aztertu ditu, "egoerari eta inguruari lotutako alderdiei erreparatuz, hala nola erasotzaileen erabakietan eragina izan dezaketenei, erasotzaileen mugimendu portaerei eta delituaren gertalekuaren ezaugarriei, leku publikoetan gertatu direnean".
Leku publikoak aztertu ondoren, bi leku mota identifikatu ditu ikertzaileak: batetik, ingurumen kalitate handikoak eta landare ugarikoak —horiek erabili dira gehien eraso egiteko—, eta, bestetik, ingurumen kalitate txikiko eta landare gutxiko lekuak. "Deigarria da landaredia duten gune batzuk, egunez lasaitzeko eta gozatzeko erabiltzen dituenak jendeak, hau da, jendeak erabiltzeko eta haietaz gozatzeko direnak, gauez nola bihurtzen diren delitu jakin batzuk egitea errazten duten gune. Gune horien ezaugarrietako bat da ikusgaitzak direla, bai kaletik —gertalekuaren ondoko kaleetatik—, bai eraikinetatik".
Landarediak eragiten du hori askotan; izan ere, oso zuhaitz handiak badaude, behar bezala zainduta ez daudenak, ezinezkoa da ondoko eraikinetatik lekua ikustea. Gauza bera gertatzen da gehiegi luzatzen utzi diren heskai edo zuhaixkekin, espazioak banatzeko erabili ohi direnekin, ondoko kaleetatik ikustea zaildu egiten baitute. Horien guztien eraginez, zailagoa da inguruko jendeak, edozein herritarrek, gerta daitezkeen erasoei erreparatzea eta horiek zapuztu ahal izatea. Hori gutxi balitz bezala, erasotzailea gune horiez balia daiteke erasoa egin baino lehen ezkutatzeko" adierazi du Martinek.
Horrelako jokabideei aurrea hartzeari eta emakumeen hiriko bizi kalitatea hobetuko duten proposamenak aurrera eramateari dagokionez, Martinen ustez, berdegune deritzen eremuetan "garrantzitsua da argiztapena eta parkeen, zuhaitzen, zuhaixken eta abarren mantentze lanak zaintzea. Eraikinez, lurpeko pasabideez eta halakoez ari garenean, berriz, saihestu egin beharko litzateke ikusgaitzak diren guneak diseinatzea, kontrol informala egitea zailtzen baitute". "Berariaz aztertu behar da zer diseinu- edo birdiseinu-neurri har daitezkeen hirietako guneek eurek horrelako erasoak egiteko sortzen dituzten aukerak murrizteko", gaineratu du.