Politika

Sexu erasoak salatu dituzte azken sarekadan atxilotutako hainbatek

Halaber, poltsa sarritan egin diete. Bederatzien tortura testigantzak zabaldu ditu AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Astearteko sarekadan atzemandako guztiak espetxeratzeko agindu du Grande Marlaska epaileak, nahiz eta haren aurrean torturak salatu dituzten.

2010eko irailaren 20a
18:03
Entzun
Sexu erasoak, bortxaketa simulazioak, elektrodoak jartzekoak, itotzeraino poltsa behin eta berriz jartzea eta beste hainbat gehiegikeria jasan dituztela salatu dute joan den astearteko sarekadan atxilotutako bederatzi lagunek. "Tortura basatiak" salatu zituztela aurreratu zuen larunbatean AAM Aministiaren Aldeko Mugimenduak, baina orain atxilotuetako bakoitzak Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta izan den bitartean bizi izandakoaren testigantza jaso eta zabaldu du.

Inkomunikazio aldia kendu eta espetxean konfiantzazko abokatuekin izan duten lehen bileran eman dute tortura eta tratu txarren berri. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, atxiloaldian gela ilunetan eta begiak estalita eduki dituzte, besteen galdeketak entzunaraziz. Galdeketak egiterakoan, berriz, ariketa fisikoak egin behar izan dituzte; eskuak lotuta, gorputza apargomarekin bilduta eta buruan poltsa bat jarrita eduki dituzte une askotan; elektrodoekin simulazioak egin dizkiete; biluztu egin dituzte, eta kolpeak eta mehatxuak etengabeak izan direla salatu dute. Biluzteak, ukitzeak eta bortxaketa saioak ere salatu dituzte. Nabarmendu dutenez, bereziki gogorra izan da Ariznabarretarentzat. Salatu duenez, bere aurkako jazarpen sexuala «izugarria» izan da. Epaileari ere jakinarazi diote zer-nolako tratua jaso duten atxilotuak egon diren egunetan.

Epailearen aurretik berehala pasatzeko eta torturak eta tratu txarrak saihesteko nazioarteko eragile ugarik babestutako protokoloa ezartzeko eskatu zuten asteazkenean atxilotuen abokatuek Auzitegi Nazionalean. Atxiloaldi osoa bideokameraz grabatzeko, atxilotuek konfiantzazko medikuaren bisitak izateko eta senideek atxilotuen inguruko informazioa izateko eskatu zuten. Grande Marlaskak, baina, ez zuen eskaera aintzat hartu.

Legez kanpoko erakunde batean lan politikoa egitea egotzita espetxeratu ditu epaileak bederatzi euskal herritarrak, sei ostiralean eta beste hirurak larunbatean. 2009an Auzitegi Gorenak KAS, Ekin eta Xakiren legez kanporatzea berresten duen epaiari jarriki, espetxeratze autoan dio Ekin ETAren «menpe» aritzen dela eta, erakunde armatuaren aginduz, ezker abertzaleko erakundeak «dinamizatzen» dituela; besteak beste, Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna aipatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.