Ez dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ematen diren sexu esplotazio kasuei buruzko datu zehatzik, baina ukaezinak dira. «Gure artean dagoen errealitatea da», ohartarazi du Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak. «Inor ohartu gabe pasatzen da. Zoritxarrez, ikusten ez duguna ez dela existitzen esan dezakegu kasu honetan ere». Egoera hori aldatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak sexu esplotaziorako salerosten diren pertsonak laguntzeko protokoloa prestatu du, arlo horretan lan egiten duten hainbat eragile eta erakunderekin elkarlanean.
Duela bi urte ekin zion protokoloa sortzeko ardura izan duen lan taldeak beharrari. «Hasi ginenean, ez genuen inolako daturik esku artean», adierazi du Serranok. Hala, egoera aztertzen hasi ziren Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritza eta Justizia Zuzendaritza, Munduko Medikuak, Gizarterako Aukerak eta Askabide elkarteak, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritza eta poliziak. Beharrak zein diren identifikatu, eta nola jokatu erabaki dute guztien artean. Eragileek horrelako kasu posible bat dagoela uste dutenean, informazioa helaraziko diete biktima izan daitezkeen emakumeei.
Salaketa jartzen dutenean, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzarekin harremanetan jarriko da Jaurlaritza, immigrazio legediaren babesean egoitza eta lan baimena izan dezaten. Ertzaintza arduratuko da zaintzaz. Eta Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak laguntza psikologikoa eta juridikoa emango die.
Protokoloak bi gida sortzea eragin du. Aurrenekoa herritarren artean eta, batez ere, profesionalen artean banatuko da. Salerosketa zein den, biktimak nortzuk izan daitezkeen, nola jakin daitekeen inguruko norbait biktima den, zein eskubide dituzten, nora jo daitekeen horrelako kasu baten berri emateko eta nortzuk lagun diezaieketen azaltzen da, besteak beste.
Bigarren gida txikiagoa da. Antzeko informazioa jasotzen du, baina errazago azalduta. Hamar hizkuntzatan banatuko dituzte, Ertzaintzaren polizia etxeetan eta emakume hauekin lan egiten duten elkarteetan banatuko dituzte, eta biktima posibleentzat dira.
Salatzeko deia
Kontzientziazio kanpaina bat martxan jartzea ere erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Gaurtik, hainbat iragarkiren bidez sexu esplotazio kasuren baten susmoa duten herritarrei salaketa jartzeko deia egingo zaie. «Gure ondoko etxebizitzan gerta daiteke. Ezin dugu pentsatu gurekin zerikusirik ez duen arazo bat dela», ohartarazi du Serranok.
Protokoloak heziketa ere hartu du aintzat. Datorren maiatzean, Gasteizko Villasuso jauregian, profesionalentzako jardunaldi bat egingo dute.
Sexu esplotazioaren biktimengana heltzeko bidea hasi du Jaurlaritzak
Balizko biktima gisa identifikatutako andreei gida batzuk banatuko dizkiete laguntza eta eskubideei buruzko informazioarekinHerritarren artean sentsibilizazio kanpaina jarriko da martxan, halako kasuak salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu